Txartelarekin autobusean sartzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urtebete igaro da Mugi txartela abian jarri zutenetik, eta erabilera ez dela oraindik guztiz egokitu adierazi dute popularrek. Iñigo Arcauz PPko zinegotziaren arabera, erabiltzaileen kexa nagusiak txartelaren ordainketa sistemak sorrarazten ditu, bai txartel berri bat egiterakoan eta baita lehengoa betetzeko garaian ere.
Izan ere, Arcauzen arabera, txartel berri bat egiteko Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako bulegora joan behar da; Easo kalera. Baina zinegotziak salatu duenez bulego horrek irisgarritasun arazoak ditu, lehen solairuan dagoelako eta ez dagoelako igogailurik. Gainera, “oraindik ezinezkoa da dirutan ordaintzea, eta herritar guztiei txartel bidez ordainaraztea ez da bidezkoa”, esan du Arcauzek. Beste aukera bat kioskoetan edo baimendutako tabako dendetan eskatzea da, baina, “erabiltzaileek euren datu ekonomikoak eman behar izaten dituzte toki hauetan, eta askorentzat ez da erosoa”.
Iñigo Arcauz, PPko zinegotzia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Bestalde, txartela ezin da oraindik internet bidez bete, Dbuseko autobusetako makinak ez daudelako txartelak balioztatzeko prestatuak. Hori ere “traba bat” dela dio Arcauzek.
Datorren asteleheneko, azaroak 17, Gune Publikoetako batzordera eramango dute Mugi txartelaren gaia popularrek, eta udala Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako kide denez, erakundeari garraio txartela eguneratu eta erabilera egokitzeko eskaera egiteko dei egin die udal gobernuari.