Alkoholik gabeko eguneko jardunaldien antolatzaileak (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ezkutuko gaixotasuna dela salatuko dute Alkoholik Gabeko Egunean, 11:00etan, Donostiako Ospitalean,
Alkoholismoaren estigmatizazioaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte larunbatean 11:00etan, Donostiako Ospitalean, Alkoholik Gabeko Egunean. Gaur egun ez da ohikoa “alkoholikoa naiz” esaldia entzutea; ospitalean ere, mediku eta erizainek ez dakite halako gaixotasunari aurre egiten. Horregatik, alkoholikoen elkarteek eta ospitaleko langileek elkarrekin egingo dituzte jardunaldiak, gaixotasunaren inguruan dituzten iritziak tartekatuz.
Alkoholismoa ilunpean dagoen gaixotasuna dela salatu du AERGIko presidente Josean Fernandezek. Informazio gutxi eta aurreiritzi handiak daude, bere esanetan: “Alkoholismoa gaixotasun pribatua den ustea dute askok. Osasun langileek ere, ez dute asmatzen gaixotasunari aurre egiterakoan; esaten dute, ‘Gutxiago edan, zaindu zaitez…’ ez dira konturatzen, behin edaten hasita, ezin dugula utzi”. AERGIko idazkari Yolanda Angerak emakumeen “beldurra eta lotsa” salatu ditu. “Alkoholikoa zarela esatea lotsa ematen die askori, batez ere emakumeei. Gure gizartean, oso gaizki ikusita daude edaten duten emakumeak, baina ez da kontuan hartzen heriotzara eraman zaitzakeen gaixotasun bat dela. Jardunaldietan, alkohola menpekotasuna eta osasun arazo larriak sortzen dituen gaixotasuna dela aldarrikatuko dugu, gizartean arazo honetaz normal hitz egitea nahi dugulako”.
Elkarteko kideek gizartean kontzientzia sortzera deitu dute, alkohola mundu mailan heriotzak sortzen dituen bigarren kausa dela salatuz. Udalaren datuen arabera, Donostiako Adikzioen Diagnostian 10 eta 14 urte arteko gazteen artean, alkohola edaten dutenen portzentaia %69koa da, eta erretzen dutenak %24. Fernandezen esanetan, gizartean oso normalizatua dago alkoholaren kontsumoa: “Gu ez gara alkohola debekatzearen aldekoak, baina droga honen arriskuen inguruko informazioa eman beharra dago”.