Kartelak kontrolatuko lituzke brigadak, Ramon Gomez PPko zinegotziaren arabera (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Hiriko kartelak kontrolatu eta gaizki jartzen dituztenak zigortzeko brigada berezi bat sortzea proposatu du PPk. Dagoeneko kartelen inguruko ordenantza badagoen arren, ez dela betetzen eta errudunak ez direla zigortzen adierazi du Ramon Gomez PPko bozeramaileak: “Ordenantzaren 42,2 artikuluak argi uzten du debekatuta dagoela kartelak ipintzea autobus aterpe, arkupe, fatxada, zuhaitz eta tuneletan. Zigorrak 50 eurotik 200 eurora doaz, baina ez dira jartzen”. Hiria “zikin” dagoela leporatu dio udalari, eta zigorrekin “gogorragoa” izateko eskatu dio.
Gaizki jarritako kartelak garbitzen “zailak eta garestiak” dira, Gomezen esanetan, eta horretarako, Udal Ordenantzen Kontrol Unitatea eta udaltzainak bilduko dituen brigada berezia sortzea proposatu du: “Brigada horrek gaizki jarritako kartelak kenduko lituzke, aurretik argazkia aterata. Horrela, isunak ipintzerakoan delituaren froga edukiko lukete”. Brigada horrek hiritarrentzat gasturik ez lukeela izango gaineratu du: “Iragarkiak jarri dituztenek ordainduko lituzkete brigadaren zerbitzuak, isunen bitartez”.