Txomin Enea eraikitzeko arduradunak bizilagunekin bilduko dira derrigorrez
Auzoaren maila altxa eta 929 etxebizitza sortzeko obren lehiaketa hiru hilabetez egongo da irekia
Udalak gaur onartu du Txomin Enea auzoa urbanizatzeko lehiaketa, eta interesa duten enpresek hiru hilabete dituzte bere proposamenak aurkezteko. Hala, datorren urteko martxoa inguruan auzoa berritzeko obrak martxan ipintzea espero dute. Orain arte inbertitutako 11 milioi euroekin batera, udalak 21,3 milioi euro bideratuko ditu proiektuko 929 etxebizitzak eraiki eta auzoaren maila altxatzeko, uholdeek eragindako arazoak behin betiko konpontzeko helburuarekin.
Zorrotzak dira udalak txostenean zehaztutako baldintzak. Obren arduradunek Gipuzkoako hitzarmena aplikatu beharko dute gutxienez, eta baldintza horretan sartzen dira ere azpikontratatutako enpresak ere. Horrekin batera, hilero txosten bat egin beharko dute, langile kopurua, kontratu motak eta iraupena zehazten dituena. Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziaren esanetan, lanpostu gehien sortzen dituen proposamenak izango ditu lehiaketa irabazteko puntu gehien, eta bizilagunekin biltzera behartuko dituzte gutxienez bi hilabetean behin: “Proiektu hau oso garrantzitsua da hiriarentzat, ez bakarrik eraikitzen hastean, baita eraikitzeko moduan ere. Horregatik, Txomin Eneako bizilagunek eraikitze prozesuan parte hartzeko aukera izatea bermatuko dugu derrigorrezko batzarren bitartez”.
Auzoko bizilagunek obren arduradunekin biltzeko aukera izango dute beraz, eta errotuluak, abisuak eta gainontzeko informazioa euskaraz eta gazteleraz egin beharko dute, derrigorrez. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren esanetan, herritarrek gertutik jarraitu ahal izango dute prozesua: “Txomin Enea berritzeko proiektua guztiz estrategikoa da, eta beharrezkoa iruditzen zaigu bizilagunek bertan parte hartzea. Horregatik, behar dena inbertitzeko prest gaude”.
Auzoaren altuera maila 3 eta 3,5 metro artean igo ondoren, lehentasuna izango dute bizilagunak birkokatzeko eraikiko dituzten 95 etxebizitzak. Ondoren, 291 libre, 129 tasatu eta babes ofizialeko 424 bizileku eraikiko dituzte; azken horietatik 162 udalarenak izango dira, alokairuan ipintzeko. Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxeak ez dira proiektuan sartze, proiektua oraindik finkatu gabe dagoelako.
Eraikitze prozesuak gehienez 32 hilabete iraun dezakeen arren, udalak puntuak emango dizkio epe hori laburtu dezakeen proiektuari. Gainera, Espartxoko zubia eraitsi ondoren, bidea urbanizatu eta altxatu beharko dute, eta baita babes ofizialeko udal etxebizitzen proposamen ekonomikoa aurkeztu ere. Kalitate arkitektoniko eta urbanistikoa ere kontuan hartuko dituzte.


