Hiriburuetan euskararen egoera nolakoa den aztertu dute, Tolare baserrian
Euskaltzaindiak antolatutako XIX. Jagon Jardunaldien barnean egin dute azterketa; bertan izan da Juan Karlos Izagirre alkatea.
Euskaltzaindiak XIX. Jagon Jardunaldiak egin ditu, gaur goizean, Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan izenburupean. Ibaetako Tolare baserrian egin dituzte jardunaldiak, hori baita egun Luis Villasante Euskararen Ikergunea. Hainbat arduradun eta aditu bildu dira bertan, gaiaren inguruan hitz egiteko. Zehazki, Juan Karlos Izagirre alkatea, Jean-Baptiste Battittu Coyos Jagon sailburua, eta Andres Urrutia euskaltzainburua arduratu dira jardunaldiak aurkezteaz.
Euskararen transmisioaren eta erabileraren alde nola jokatu behar den aztertu dute jardunaldiotan. Izan ere, adituen arabera, hiriak bilakatu dira euskal hiztunen bizigune nagusienak. Egoera horren aurrean, bide eta baliabide egokiak ireki beharra azpimarratu dute partaideek.
Mahai-inguru bat egin dute, eta honakoek parte hartu dute: Jean-Claude Iriart Baionako herriko kontseilaria; Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia; eta Teresa Lasheras Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura alorreko zuzendaria.