Lasala plazako eraikin osoa bereganatzeko bidean da udala
Bosgarren solairua erosteko akordio bat egin du Espainiako Gobernuarekin.
Donostiako Udalak Lasalako eraikin osoa bereganatu nahi du. Hori dela eta, Udal Gobernuak eraikin osoa bereganatzeko izapideak abiatzen dituen ebazpena onartu du gaur. Eraikin osoa eskuratzeko, udalak beharrezkoa du gaur egun Espainiaren titulartasuna den bosgarren solairua erostea. Nagoziaketen ondoren, bosgarren solairua lortzeko kantitatea 1.868.500 eurokoa izatea adostu dute bi aldeek. Orain, Espainiako Gobernuak salmenta agiriak gauzatzeko dataren zain dago udala, eta gehienez bi hilabeteko barru dena itxita izatea espero dute.
Behin eraikin osoa bereganatuta, aurreikusitako erabilerak emango lizkioke udalak, hau da, ostalaritzara bideratu eta eraikina hotel bilakatzea.
Lasala Eraikina, momentu honetan, Donostiako Udalarena (%85,04) eta Estatuarena (%14,96) da. Udalak erosiko duen bosgarren solairuak 505 metro koadro ditu. Eraikinaren salmentarekin Espainiari ordainduko dion kopurua berreskuratzea espero du udalak.