Sustapenak eta Basque Culinary Centerrek akordio bat sinatu dute
Hiriko nekazaritzako elikagaien sektorea sustatzea da hitzarmenaren helburua.
Donostia Sustapenak negozio aukera berriak sustatu nahi ditu, Basque Culinary Centerrekin batera. Hala, hitzarmen bat sinatu dute bi aldeetako arduradunek, gaur goizean, hiriko nekazaritza elikagaien sektorea bultzatzeko helburuarekin. Josu Ruiz Ekonomia zinegotziak eta Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak sinatu dute hitzarmena, eta agerraldi bat egin dute gaur goizean.
Zehazki, Sustapenaren baitan sortutako Nekazaritzako Elikagaien GuztiONA klusterraren eta BCCren arteko lankidetzaren bitartez, negozio aukera berriak eta nazioartera zabaltzeko aukera hobeak sortuko direla uste dute. Hala, hiriko turismoa eta gastronomia ezagutarazteko proiektuak sustatu nahi dituzte. Bestetik, nekazaritzako elikagaien sektorean, ekintzailetza bultzatu nahi dute, proiektu berritzaileak bereziki babestuz.
Balio estrategikoa
Nekazaritzako elikagaien sektoreak nekazaritzako 43 ustiategi dauzka hirian, eta balio estrategiko garrantzitsua dute Sustapenaren ustez. Kontsumitzaile potentzialen bolumenari dagokionagatik, eta hirian erreferente diren hirugarren sektoreko jarduerekiko sinergiak ezartzeko aukerari dagokionagatik: gastronomia, ostalaritza, merkataritza, turismoa… Horregatik, Sustapenak eta Basque Culinary Centerrek negozio-ildo berriak eta hirian ekintzailetza eta enplegua dinamizatuko dituzten proiektu bereziak sustatzea helburu duen hitzarmena sinatu dute.
Honako lan-ildo nagusiak jasotzen ditu hitzarmenak:
1.Nekazaritzako elikagaien sektorean ekintzailetza bultzatzea.
2. Sektorearen eta hiriaren promozioa. Bertako ekoizleei finantzazioa bilatzeko bideak bilatzen eta nazioartekotze-prozesuetan lagunduko diete.
Helburu horiek lortzeko, Donostiako Sustapenak 100.000 euro emango dizkio Basque Culinary Centerri eta Intxaurrondoko Villa Yeyette erabiltzeko baimena emango dio, egoki irizten diren jardueretarako; Villa Yeyette, nekazaritzako elikagaien sektorearen enpresa-gunea da eta sektorearen ekitaldietarako Donostiako Sustapenaren espazioa.