(Bideoa) Ainhoa Aierbe: "Oso dramatikoa iruditzen zaigun hori, umorearekin hartu behar dela erakusten du"
http://youtu.be/24FOAeLjPps
Juana Macias zuzendari madrildarraren Embarazados filmaren aktoreen artean Ainhoa Aierbe (Donostia, 1974) dago. Goizean egin duten prentsaurrekoaren ostean, IRUTXULOKO HITZAk aktore donostiarrarekin hitz egiteko aukera izan du, pelikularen berri emateko.
Nor antzezten duzu filman?
Protagonistaren, Alinaren, ahizpa naiz, Alma. Nire pertsonaia 30 urteak pasata ama izan da, eta badirudi dena lortu duela: profesional handia da, etxe bat dauka… bizitza eraiki du. Baina amatasunaren ardura hori hartzen duenean, estresagarria den egoera batean dagoela konturatzen da. Ez dugu une horretara heldu nahi, eta pentsatzen dugunean ongi heldu garenean, zer? Norberak ateratzen ditu bere ondorioak.
Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?
Lan gehiena Euskal Herrian egin dut, baina produkzio espainiar batekin Donostian egitea esperientzia bitxia izaten ari da. Ni hemen beti etxean sentitu naiz, eta pelikulan ere hala sentitu naiz askotan. Baina oraingo honetan jende gehiena ez nuen ezagutzen, eta polita izan da, beste erronka bat izan dut: nire tokitxoa bilatu behar izan dut.
Eta zure hirian filmatzeko aukera izatea nolakoa da?
Donostia perlatxo bat da, hiri polita, eta itsasoa izateak zabaltasun bat ematen dio, argitasuna. Horrek aukera asko ematen ditu, eta identifikatzeko oso erraza izan daitekeen arren, munduko beste edozein hiri batean egon zaitezke.
Zer aurkituko du ikusleak?
Batetik, komedia bat da, eta hori oso ona da arimarentzat. Bestetik, gure adineko jendearentzat oso aproposa da, gure buruhaustetan bakarrik ez gaudela erakusteko balio duelako. Oso dramatikoa iruditzen zaigun hori, umorearekin hartu behar dela erakusten du. Gazteentzako ere erakargarria izan daiteke, beraiek etorkizunean biziko dutelako, eta akaso zerbait ikasteko aukera izango dutelako. Azken batean, dramatismoa kendu behar zaio, ez da ezer gertatzen horrela bizitzeagatik.