Atotxako geltokian taxientzako lekua egiteko eskatu du PPk
Autobus geltoki berriaren proiektuak taxiak alde batera uzten dituela salatu dute.
Atotxako autobus geltoki berriaren proiektuak taxientzako lekurik ez duela salatu du PPk. Ramon Gomez PPko zinegotziaren esanetan, Atotxako proiektuan azpiko solairua ezabatuta, taxientzako tokirik gabe geltdituko litzateke autobus geltokia: “Gaur egun, inguruan soilik Renfe tren geltokiko taxiak daude, eta soilik sei plazako geltokia da. Kopuru hori ez da nahikoa trenetik eta autobusetatik datozenentzat”.
Autobus publikoarentzat badira geltokiak diseinuan, baina hori ez dela nahikoa adierazi du Iñigo Arcauz PPko zinegotziak: “Taxien elkarteekin bildu gara, eta kezkatuta daude Atotxako geltokiarekin. Pio XIIko geltokiak, txikia izan arren, mugimendu asko dauka, eta etorkizuneko geltokian garraioen gabezia batekin aurkituko dira bidaiariak”.
Hala, PPk interpelazioa jarriko dio udalari; Gomezen arabera, orain da aldaketak egiteko unea: “Geltokia amaitu aurretik egin behar dira aldakteak, ondoren puskatzen hasteak ez du zentzurik. Asko harritzen gaitu taxiak kontutan hartu ez izana proiektu honetan”.