Dakar rally ezagunean parte hartuko du Luis Txillidak
Pilotu donostiarrak bigarren aldiz parte hartuko du lehian; duela 23 urte urte egin zuen aurreko erronka, motorrean.
Irribarretsu eta euren erronkaz harro agertu dira Luis Txillida eta Pedro Martinez, gaur eguerdiko agerraldian. Beste urteren batean saiakeraren bat egin ostean, aurten bai, urtebetez prestaketa lanetan aritu ostean, Dakar rally ezagunean parte hartuko dute. Txillida izango da autoaren gidaria, Martinez kopilotua, baina laguntzaile talde zabala eramango dute Hego Amerikako lehiara, 2015eko urtarrilean.
Bestela izan ezin zuen moduan, Txillida Lekun egin dute autoaren eta taldearen aurkezpena. “Beste urte batzuetan egin ditugu saiakerak, baina lotu gabeko gauzak geratzen zitzaizkigun. Halako lasterketa baterako autoa perfektu izan behar duzu”, azaldu du Txillidak. Gainera, autoa ezin donostiarragoa eta artistikoagoa da, Eduardo Txillida Belzunze arduratu baita ibilgailuaren kanpokaldeko margolana egiteaz. Kontxako Badia, hain zuzen ere. Lehiari dagokionean, bukatzea jarri dute helburutzat, aurreko urteetan ia partaideen erdiak ere ez baitu ibilbidea bukatzea lortzen.
Duela 23 urte ere parte hartu zuen Txillidak Dakarrean, Afrikan ordukoan, eta motorrean. Oraingoan, Argentina, Txiile eta Bolivia zeharkatuko beharko dituzte. “Dakarrak 12.000 kilometroko ibilbidea du. Guk hemen egiten ditugun lehiak 200 eta 500 kilometro artekoak izaten dira, egun bakarrekoak. Ordezko pieza pila bat eramango ditugu edozein ezustekoren aurrean prest egoteko”, gehitu du pilotuak. Benetan autoa kontrolatuko duena kopilotua izango dela azaldu du Txillidak: “Pedro da kable txiki bakoitza zer eta zertarako den dakiena; autoak botata uzten bagaitu zer egin behar den dakiena”. Azken batean, zailtasunik handiena erritmo egokia topatzea dela dio Martinezek: “Erritmo egoki bat eraman behar dugu, ezin du mantsoa izan, kilometro asko direlako, baina azkarregi joatea ere ez da komeni”. Partaide asko izateak ere ibilbidea zailtzen du Martinezen esanetan, lurra asko desegonkortzen baita. “Badaude autoa guztiz estali dezaketen zuloak desertuan”, aipatu du Txillidak. Horretaz guztiaz gain, zortea ere giltzarria izango da Martinezen esanetan: “Autoa eskubirantza 30 zentrimetro gehiago edo gutxiago eramateak zerbait puskatzeaz salba zaitzake”. Mekanikaria eta managerra ere eramango dituzte, laguntzaile gehiagorekin batera.
Egunean hamabi ordu
Nahitaez ongi moldatu beharko dira Txillida eta Martinez. Izan ere, egunean hamabi ordu inguru egin beharko dituzte auto barnean. Beraz, prestaketa psikologikoa ere egin behar izan dutela onartu dute, autoan sartuta ordu asko izango baitira. “Dakarra egiten dutenen artean bi pertsona mota daude, abenturazaleak eta pilotuak. Ni pilotuen mundutik nator, ikusiko dugu zer moduz moldatzen garen. Lehian bertan ikasiko dugu, bidea deskubritzen dugun heinean”.



