"Donostia oso berezia da eta filmaren estetikarekin bat dator"
Embarazados filmatzen ari dira egunotan hirian; udaberrian estreinatzea aurreikusten dute.
Erdialdeko Loiola kalea, Urumea ibaiaren ondoko pasealekuak, Bilbo plaza… horiexek dira Juana Maciasen bigarren pelikulan agertuko diren gune batzuk. Paco Leon eta Alexandra Jimenez dira protagonista nagusiak, baina Ainhoa Aierbe aktore donostiarrak ere parte hartu du zuzendari madrildarraren komedia erromantiko honetan. Zuzendariak aktoreekin batera aurkeztu du gaur Embarazados izeneko filma, Londres hotelean.
Film luzearen zati batzuk Madrilen grabatuko dituzten arren, filmaketa lan gehiena hirian egiten ari direla azaldu du Maciasek. “Donostiak deigarria den giroa dauka, oso berezia da eta filmaren estetikarekin bat dator. Gainera, Europako edozein toki izan liteke, eta askotan grisa dirudien arren, argitasun handia duen hiri bat da”.
Gertuko esperientziak
Errealitatearekin zerikusi handia duen istorio bat kontatzen du film honek. Izan ere, 40 urtetik gertu dabiltzan Fran eta Alinak bikote zoriontsu bat osatzen dute, baina “denbora amaitzen ari delaren sentipena dute eta euren etorkizuna antolatzeko garaia iritsi dela ikusten dute”. Hortaz, haurdun geldituko direla erabakitzen dute, baina egungo egoera eta amak 35 urte baino gehiago dituela kontuan izanda, zailtasunez betetako bidea egin beharko dute. Komedia bat den heinean, irribarre egiteko aukera izango dute ikus-entzuleek. “Gertukoak diren esperientzia ugari ikusiko dituzte, eta aktoreen egoerekin bat egingo dute”. Datorren urteko udaberrian estreinatzea aurreikusten dute.


