Julio Caro Barojaren alderdi ezezagunena azaleratu dute
Margolan koloretsuek bete dute Kutxa Boulevard, barojatar ezaguna jaio zenetik ehun urte bete direnean.
Udalak, esaterako, Julio Caro Baroja gogoan (1914-2014) erakusketa osatu du; hala, hiriko kultur etxeetan barrena Barojak sailkatutako hainbat erraminta jarri ditu, bere testu batzuekin batera. Kutxaren Gizarte Ekintzak, berriz, Gipuzkoako Ateneoarekin elkarlanean, Caro Baroja artista agertu du. Zehazki, hamabost olio koloretsuk eta hamalau marrazkik osatzen dute erakusketa, erakundeek utzitakoak edo bilduma pribatuetakoak dira lan guztiak. Carmen Caro aritu da komisario lanetan, Julio Caro Barojaren iloba eta Pio Caro Barojaren alaba dena. Lan horretan lagundu dio Ane Abaldek, eta kalitate handiko lanak bildu dituzte adituen arabera.
Rafael Caro Raggio eta Carmen Barojaren semea zen Julio Caro Baroja; Pio Baroja idazlearen eta Ricardo Baroja idazle eta margolariaren iloba. Bere osaba Ricardo Barojarengandik iritsi zitzaion arterako zaletasuna. Harreman estua izan zuten betidanik, eta bere erakusketetan maiz izaten zen. Hala, oso gaztetan hasi zen marrazten Caro Baroja; hala ere, 1970 arte ez zen hasi olioak margotzen.
Carmen Carok azaldu duenez, 2006tik lanean ari da bere osabak egindako margolanen katalogoa osatzeko. Beraz, erakusketa kudeatzeko proposatu ziotenean, izugarri poztu zen. “Erakusketa hau nire katalogo lanerako bultzada bat izan da. Berrehun koadro inguru sortu zituela kalkulatzen dut, eta hogei eta hogeita hamar inguru falta zaizkidala pentsatzen dut. Koadroetako batzuk zeinen eskuetan zeuden jakina zen, baina ez ziren sekula ere jendartean erakutsiak izan”, azaldu du Carmen Carok. Hala, erakusketaren aitzakiarekin, oraindik ere bere eskuetan norbaitek Julio Caro Barojaren sorkuntzaren bat badu, berarekin harremanetan jartzeko eskatu du, katalogatu ahal izateko. “Koadro bakoitzak istorio bat kontatzen du.
Margoak eta marrazkiak
Marrazkiak egitea oinarrizko tresna izan zen Julio Caro Barojaren etnografia azterketetan. Izan ere, bere azterketetan topatzen zituen etxeak, laborantzarako tresnak edo dena delakoak marraztu egiten zituen lan-koadernoetan, errealitatea zehatz mehatz jasotzen zuelarik. Kutxa Boulevardeko erakusketan jaso dituzten marrazkiak, ordea, ez dira halakoak. Egileak berak ‘zentzugabekeriak’ deitzen zien marrazki haiei; denbora-pasa gisa erabiltzen zituen, ihesbide gisakoak.
Erakusketako lanak gai askotarikoak dira, baina fantasia dute oinarrian. Bere haurtzaroko oroitzapenak edo Frantziara egiten zituen bidaien oroitzapenak topa daitezke tartean. Euskal paisaia idealizatuak zein elementu folklorikoak ikus daitezke. Erretratu pare bat ere jarri dituzte erakusketan; horietako bat bere osaba Pio Barojari egin ziona.
Bulebarretik Tabakalerara
Gizarte Kutxako Carlos Ruizek azaldu duenez, erakusketa hori eta gabonetako jaiotzena izango dira Kutxa Boulevardekin igaroko diren azkenak edo azkenetakoak. Izan ere, Kutxak gune hori utzi eta Tabakalerara egingo du aldaketa. Bertan bi gela izango dituzte erakusketetarako, 6.000 metro koadro inguru guztira.
[box]ERAKUSKETA:
Antropologo eta historialari moduan izan zen bereziki ezaguna Julio Caro Baroja. Bere margolari sena, ordea, ezkutuagoan geratu zen, eta horixe azaleratu nahi dute Kutxa Boulevard erakusketa gunean. Hain zuzen ere, Mendeurrena izeneko erakusketa osatzeko, Julio Caro Barojak 1970 eta 1980ko hamarkadan bereziki landu zituen margolan batzuekin bete dute bigarren solairuko aretoa. Caro Baroja jaio zenetik ehun urte bete dira hilabete honetan bertan, eta Euskal Herriko hainbat txokotan gogoan izaten ari dira barojatar ezaguna, baita Donostian ere.
- ZER. Julio Caro Baroja, Mendeurrena (1914-2014).
- NOIZ. Azaroaren 18tik urtarrilaren 6ra (abenduaren 8tik 15era itxita egongo da).
- NON. Kutxa Boulevardeko bigarren solairuan.
- ORDUTEGIA. Azaroaren 18tik abenduaren 7ra; asteartetik igandera, 17:00etatik 21:00etara. Abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra; astelehenetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
- SARRERA. Doakoa.