Konstituzio plazaren sabaia argi horizontalez beteko dute Gabonetan
1.100.000 LED erabiliko dituzte hiria argiztatzeko, eta abenduaren 5ean piztuko dituzte.
Gabonetako argiak piztuko dituzte laster, abenduaren 5etik urtarrilaren 7a bitartean, eta aurten 1.100.000 LED erabiliko dituzte hiria apaintzeko. Berritasunen artean, Konstituzio plaza aipatzekoa da, izan ere, lehen aldiz argi horizontalak ipiniko dituzte alde batetik bestera, zintzilik, argiontzi erraldoi baten edo argizko sabai baten itxura hartuz. Elkano kalean ere argi horizontalak jarriko dituzte; 15 mila LED erabiliko dituzte zati horretan. Guztira, 196 arku, 95 farola, lurreko 31 figura, 60 zuhaitz, bi aurrealde, sabaiko argiztapen bat eta 10 figura horizontal jarriko dituzte, gehienak zuriak eta urdinak.
Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizen arabera, aurten merkeagoa izan da argiztapena. Hala, 52.561 euro bideratu dituzte horretarako. Gros eta Alde Zaharreko saltegien ordezkariek berriz, 12.000 eta 7.000 euro bideratu dituzte, hurrenez hurren, argiek bezeroak erakartzen dituztela argudiatuz.
Iluminaciones Ximenez enpresaren esku egongo da argiztapena. Enpresak 74 urteko esperientzia dauka, eta hiru urtez hiria argiztatzeko arduraduna izango da. Bertako ordezkari Ramon Zapataren esanetan, ‘ohorea da’ Donostia Gabonetarako argiztatzea, eta iaz bezala, LED teknologia erabiliko dute: “Bonbilla arruntekin alderatuta, %80 CO2 gutxiago igorriko dute gure argiek, LED teknologiari esker, energia asko aurreztuko baita”.