100 urte beteko ditu Joakina Huizi añorgatarrak
Añorga Txikiko Kristau Elkarteak igandean omenduko du; eta auzotarrek asteartean, bere urtebetetze egunean.
Nafarroan jaio zen, Igantziko Iñarburua baserrian. Hamar anai-arrebatatik hirugarrena da. Sei urterekin Doneztebeko Olabidea baserrira joan zen bizitzera Martina izebarekin eta familiarekin. 16 urterekin, Donostiara etorri zen lanera, Ategorrietako Irigoyen familiaren etxera. Gaztaroa etxe horretan eman zuen, eta han ezagutu zuen Jesus Etxeberria. 1940an ezkondu zen berarekin, eta Ibaetako Zubi-Berri etxera joan ziren elkarrekin bizitzera. Bi seme-alaba izan zituzten, Edurne eta Joseba, eta haiek 3 biloba eta 4 birbiloba eman dizkiete.
1976aren amaieran Añorga Txikira etorri zen bizitzera, eta han bizi da gaur egun ere. Seme-alaba, biloba eta birbilobekin gozatzen du egunero, Bilbon bizi den biloba gazteena ez beste guztiak Donostian bizi baitira. Osasunez eta buruz inbidia emateko moduan dagoela diote bere senideek, eta memoria oso ona duela. Baserrian bizitako haurtzarotik gaur arteko gertakizunak xehetasun osoz gogoratzen ditu Huizik.
Asteartean, hilaren 25ean, beteko ditu ehun urte. Hori dela eta, Añorga Txikiko kristau-elkarteak omenaldi xume bat eskainiko dio, igandeko (azaroak 23) eguerdiko 12etako mezan. Auzoan ere omenaldi bat egingo diote, asteartean, 19:00etan.


