Hiritarrek sexu indarkeriaren aurrean erantzuteko sentsibilizazio kanpaina hasi dute
Hitzaldi eta ekitaldi ugari antolatu dituzte datorren astearteko Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Egunerako.
Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko eguna izango da datorren asteartean, hilak 25, eta oraindik egiteko asko dagoela salatu dute udalak eta emakumeen elkarteek. Udan sentsibilizazio kanpaina hasi zuten, taberna eta saltokiek emakumeen aurkako erasoen aurrean nola erantzuteko informazioa eskainiz. Orain, herritarren txanda da Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedroren esantean. Horregatik, aurtengo kartelak soilik zenbaki bat erakusten du: 186.125, Donostian bizi diren herrita guztien kopurua, alegia. Mezu horrekin, sexu indarkeriaren aurka egitea guztion ardura dela aldarrikatu dute antolatzaileek.
Hala, udako kanpainari jarraiki, muralak ipiniko dituzte Altzan, Bidebietan, Intxaurrondon eta Antiguon. Horrekin batera, auzo horietako tabernetan eraso sexisten aurrean jarraitu beharreko protokoloa, pegatinak eta zapiak banatuko dituzte. Udaletxean, Goikoa jauregian eta Dbuseko autobusetan ere puntu lilak zabalduko dituzte. Sampedroren esanetan, jada martxan dagoen kanpaina herritarrei ezagutzera ematea da helburua: “Arazo konplexu hau errotik amaitzeko erantzun kolektiboa ematea beharrezkoa da. Denon erantzukizuna da indarkera matxista desagertaraztea”. Indarkeria ekonomikoa eta sinbolikoa ez ahazteko eskatu du Sampedrok.
Ekitaldiak egingo dituzte hilabete osoan zehar, eta datorren astearteko egun guztia programatu dute. 12:00etan udal taldeko politiko guztietako ordezkariek irakurketa publikoa egingo dute Alderdi Ederren. Emakumeen elkarteek, bestalde, tratu txarren inguruko hitzaldiak antolatu dituzte Intxaurrondoko kultur etxean, eta Visión filma eskainiko du Gipuzkoako Banatutako Emakumeen elkarteak. Horrekin batera, 19:00etan manifestazioa antolatu du Donostiako Koordinadora Feministak.


