Groseko kirol denda nagusiek antolatu dute azoka, udalaren laguntzarekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Igandean egingo dute azoka, 10:00etatik 19:00etara, Kursaalen.
Kirolean espezializatu da Gros auzoa azken urtetan, eta saltoki txikien lana ikusgai izango da igandean, GrosTeam I. Azokan. Kiroletan azken berritasunak aurkeztuko dituzte saltzaileek, eta horrekin batera, hitzaldiak, saioak, lehiaketak eta erakustaldiak antolatu dituzte. Erakusketa Kursaalen izango da, 10:00etatik 19:00etara, eta aparkalekua doan izango da ordubetez azokara hurbiltzen direnentzat. Azoka ere, doan izango da.
Lehen aldia da Donostiako auzo bateko saltokiak batu eta halako azoka prestatzen dutena. Grosen kasuan, urteak daramate kirol arloko produktuak saltzen, eta haien artean espezializaziorako “joera naturala” gertatu da Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizen arabera: “Oso garrantzitsua da merkatarien arteko sinergia bultzatzea, mesede handia egiten dielako saltoki txikiei. Horregatik, azoka honen helburu nagusiak haien artean harremanak estutu eta bezeroekin hartu-eman zuzena bultzatzea dira”.
Sei dira lehen saiakera egitera animatu diren saltokiak, eta haiek stand bereziak izango dituzte erakusketan: Izadi kirolak, Deportes Apalategui, Indie Basque Surfing, Blue Motien, Easo Basket eta Slap Denda. Dena den, GrosTeam osatzen duten 32 saltokiek ere modu batera edo bestera babestu dute ekimena. Etorkizunean denda gehiago animatuko dira Izadi Kiroletako jabe Angel Gonzalezen ustez: “Hiri honetan kirola egiteko ohitura berpiztu da azken urteetan, eta horrek mesede handia egin die Groseko saltoki, kirol elkarte eta gimnasioei. Dena den, produktuak baino askoz gehiago eskaini dezakegula erakutsiko dugu igandeko azokan”. Apalategiko jabe Felix Apalategiren esanetan, lehen pausua eman dute: “Trenaren lehen bagoia da azoka hau. Etorkizunean denden arteko sarea egitea da gure helburua”.
Adin guztientzako ekitaldiak
Adin eta mota guztietako kirolzaleentzat bideratuta dago azoka, eta surf, bizikleta, saskibaloia eta neguko kiroletako materialetan azken berrikuntzak aurkeztuko dituzte. Besteak beste, elikadurari buruzko hitzaldiak, haurrei zuzendutako gomendioak eta martxa nordikoaren erakustaldia egingo dituzte. Horrekin batera, saskibaloi lehiaketa, zumba saioa, slack line, indoboard eta speed-board erakustaldia egingo dituzte.