Morlans auzoaren gune zaharrena berritzeko eskatu du PPk
Mozioa aurkeztu du Jose Luis Arrue PPko zinegotziak, auzoan dirua inbertitu dadin eskatuz.
Morlans auzoaren gune zaharrena berritzeko diru inbertsoa eskatu du PPk. Auzoaren zati horretan errepidearen egoera “negargarria” dela adierazi du PPko zinegotzi Jose Luis Arruek, eta mozioa aurkeztu du: “2011an Morlans berritzeko mozioa aurkeztu genuen popularrek, eta oraindik gaur egun ez da euro bat ere inbertitu”. Urte horretan udala auzoan inbertitzearen azaldu zen Arrueren arabera, baina ordutik “Ez dute ezer egin”.
Auzoak beharrak dituela adierazi du, hala nola, errepide berria, aparkatzeko ondo zehaztutako eremuak, esertzeko bankuak eta espaloi zabalagoak. “Morlanseko igogailua ere urte luzez bizilagunek egindako premiazko eskaera da, baina Izagirreren gobernuak entzungor egin die eskaerei. Dirurik ez dagoela diote, baina beste gauza batzuetarako aurkitzen dituzte inbertsio iturriak”. Datorren urteko urtarrilaren 31a baino lehen auzoa berritzeko plana egotea espero du Arruek.


