Zubietako TMB planta atzeratzeak ondorio “larriak” ekarriko ditu aldundiaren eta Beasain, Zarautz eta Azpeitiko alkateen esanetan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Zubietako TMB plantaren ingurumen baimena ukatzea “alderdikeria” da Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinen arabera.
Eusko Jaurlaritzak Zubietako TMB Tratamendu Mekaniko Biologiko plantaren ingurumen baimena luzeatzeari uko egin dio aste honetan, eta erabakia “politikoa” dela salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Baimena ukatuta, aldundiaren biziklatze plana 2015 amaiera arte atzeratu du Jaurlaritzak. Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinen esanetan, EAJk “alderdikeriaz” jokatu du, eta erabaki horren ondorioak herritarrek jasango dituztela salatu du: “Zubietako TMB planta aurkeztu genuenean, ez zen inolako kritikarik jaso alderdi politiko eta elkarteen eskutik. Hortaz, baimena ukatzeko arrazoi bakarra Bildu desgastatzea dela da atera dezakegun ondorio bakarra”.
Orain arteko bideari trabak jartzea “kezkagarria” da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietarentzat. Zubietako planta 170.000 tona jasotzeko gai dela azaldu du, eta hondakinak bereizteagatik Jaurlaritzak Gipuzkoa “zigortu” egin du bere esanetan: “Jaurlaritzak iruzur egin dio Gipuzkoari. Besteak beste, Zubietako planta kalitateko 8 mila tona konpost sortzeko gai da, baina beraiek erre egin nahi dute. Erabakia erabateko atzera pausoa da birziklapenerako”.
Beasain, Zarautz eta Azpeitiko alkateek bat egin dute aldundiaren salaketarekin, Jaurlaritzaren erabakiak zuzeneko eragina duelako herri horietan. Koldo Agirre Beasaingo alkatearen arabera, eskualdeari kalte handia egiten dio Jaurlaritzaren erabakiak: “Birziklatze plangintza osoa kolokan utzi dute, eta horrek zuzeneko kaltea egingo die herritarrei”.