Planeamendua aldatuko dute Esnabiden 251 etxebizitza publiko eraikitzeko
Udalak Esnabiden babestutako 251 etxebizitza egitea ahalbidetuko du, Planeamendua aldatuz. Etxebizitza hauetatik, 176 gehienez babes ofizialekoak izango dira (%70) eta 75 tasatuak (%30). Operazio hau egitea posible izango da, Udala eta inguru honetako jabe nagusiaren, hau da, Promociones Gallurralde SL-ren arteko hitzarmenari esker. Honen ondorioz, eraikigarritasuna 8.935 metrotan handituko da. Eraikiko diren etxebizitza guztiak babestuak izango dira, egungo egoeran ez bezala. Izan ere, aurreikuspen horren arabera, %65 babes ofizialekoak, %10 tasatuak eta %25 libreak lirateke. Udalak etxebizitza egitera bideratutako lursailetako bat zuzenean kudeatuko du. Etxebizitzak ez ezik, 135 aparkaleku ere izango dira bide publikoan eta 896 metro koadroko ekipamendu pribatua egingo dute. Enpresak 251 zuhaitz landatzeko betebeharra dauka, etxebizitza bakoitzeko bana.
Esnabide Donostia eta Errenteria-Orereta arteko mugan dago, Pasaiko saihesbidearen ondoan, Beraun auzoaren alboan. Ricardo Burutaran Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak adierazi du Donostiarentzat sekulako berria dela. Ian ere, “babes ofizialeko etxebizitzak sustatzen ez diren krisi garai hauetan, Donostiak Txomin-Eneako promozioari azken bultzada eman dio, bertan babestutako 424 etxebizitza egiteko, hauetako 162 alokairuzkoak, udalak sustatuta; Intxaurrondon adinduentzat 55 apartamentu eta Berion babes ofizialeko 48 eta beste 48 tasatu eta horiei Esnabidekoak gehitu behar zaizkie. Ondorioz, datozen urteetara begira babes ofizialeko etxebizitzaren oinarriak jartzen ari gara, Martuteneko etorkizuneko garapenean aurreikusten diren babestutako 267 etxebizitza inguru ahaztu gabe. Gobernuak babestutako etxebizitzaren alde egiten duen apustuaren adierazgarri dira zifra hauek”.
Biharko Tokiko Gobernu Batzordeak hitzarmena erakusketa publikoan jartzea onartu ondoren, 20 eguneko epea irekiko dute alegazioak aurkezteko. Epe horren ondoren, alegazio horiek aztertuko dituzte eta Gobernu batzordeak onarpena emango dio hitzarmenari, eta Plan Orokorra aldatzeko tramiteak hasiko ditu, inguru honetan etxebizitzak eraiki eta urbanizazio lanak egiteko.