Lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte Gipuzkoako Osakidetzako langileek
Grebarako deialdia egina zuten gaurko sindikatuek, baina langileen %80ak gutxieneko zerbitzuak bete behar izan dituela salatu dute. Manifestazioa egin dute Erdialdeko kaleetan barrena.
Osakidetzako Gipuzkoako langileak grebara deituak zeuden gaurko, 8:00etatik 22:00etara, eta 12:00etan manifestazioa egiteko asmoa zuten hirian. Manifestazioa egin dute, Bulebarretik abiatuta, Erdialdeko kaleetan barrena, hala ere, grebarako eskubidea urratu zaiela salatu dute sindikatutakoetako kideek, lan baldintza dueien aldeko protesta hasi aurretik. Osakidetzaren arabera, %6’7ko babesa izan du deialdiak goizean, baina langileek egunean zehar emango dituzten datuei kasurik ez egiteko eskatu dute. “Gutxiengo zerbitzuak gehiegizkoak izan dira, langileen %20ak bakarrik izan du greba egiteko aukera. Beraz, Osakidetzat emandako datuek ez dute balio”, azaldu du Satse sindikatuko Pilar Mendiak.
“Hemen lan egin, hemen erabaki”, “Ez, ez, ez, murrizketarik ez”, “Osasun publikoa, denontzat”, “Hemen gaude, enpleguaren alde”, “Osasun publikoa defenda dezagun” moduko oihuak bota dituzte manifestazioak iraun duen bitartean. Satse, ELA, LAB, Medikuen Sindikatua, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzak ez du negoziaziorako erraztasunik eman. Urteotan galdutako enplegua berreskuratzea da protesten helburu nagusia; aurreko urteetan 3.000 lanpostu galdu direla aipatu dute behin eta berriro sindikatuetako ordezkariek; gainera, denboraldi bateko langileak %30 direla diote. Guztiari buelta emateko, 1.200 lanpostuko deialdi publiko bat eskatu dute, 25 orduko lanaldira itzultzea, eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea. “Gure osasunarekin eta gaixoen bizitzarekin jokatzen ari dira”, aldarrikatu dute Bulebarrean.
“Gipuzkoako deialdi honek aurreko azaroaren 6ko lanuzte partzialek baino jarraipen handiagoa du. 2015eko aurrekontuen propaganda politiko guztiaren inguruan, esan nahi dugu, gastu soziala bermatu behar dela. 2009tik 2015era 0’4 jaitsi da Barne Produktu Gordinaren barnean osasun arloa, %4’9 batean utziz. Beraz, 250 milioi euro gutxiago utzi dira osasungintzan, eta 5.000 postu gutxitu daude. Langileentzat eta erabiltzaileentzat zerbitzu eta baldintza duinak nahi ditugu”, aipatu du ELAko Amagoia Unanuek. “10.000 langile baino gehiago euren lanpostuetan errotatzen ari dira, denboraldi baterako kontratuekin. Askok hamar urte baino gehiago daramatzate Osakidetzan lanean baldintza horietan. Ez dugu ulertzen zergatik Osakidetzak ez dituen dagozkion ordezkapenak egiten”, salatu dute UGTkoek.
Datorren astean, Bizkaian
Manifestazioaren bukaeran Bulebarreko kioskoaren aurrean bildu dira manifestari guztiak, eta euren protestaren nondik norakoak gogorarazi dituzte. Hala, Bizkaiko langileen greba azaroaren 27an izago dela aipatu dute (Arabakoak hilaren 13an egin zuten); eta abenduaren 4an, berriz, Osakidetzako langile guztiei egingo diete deia; Araba, Bizkai zein Gipuzkoako langileei.