Datuak espero baino hobeak izan dira Manu Narbaez Turismoko ordezkari eta Josu Ruiz Garapen Ekonomikoko zinegotziaren esanetan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Iazko dautekin alderatuta, %3,6 igo da bidaiarien portzentaia.
Donostiako turismoa espero baino hobea izan da hirugarren hiruhilekoan(uztaila, abuztua eta iraila). Iazko datuekin alderatuta, %3,6 igo da bisitarien portzentaia, eta guztira 162.002 bisitari izan ditu hiriak tarte horretan. Pernoktazioei dagokienez, 375.068 kontatu ditu Turismo bulegoak, iaz baino %2,5 gehiago.
Orokorrean, hazkunde nabarmena sumatu du bulegoak, eta kongresuen ekarpenak eta nazioarteko prentsaren bisitak bereziki hazi direla adierazi du Donostiako Turismoko ordezkari Manu Narvaezek: “Kongresuen kasuan, nahiz eta epe laburrean datu handirik ez eman, epe luzera ze eszenatoki izango ditugun jakiteko gaitasuna dugu. Prentsari dagokionez, aurten Estokolmo eta Oslotik etorritako ordezkariak izan ditugu gure artean, eta mundu osoko medioetan 40tik gora aipu izan ditugu. Beraz, ondorioztatu dezakegu azken hiruhilabetekoa benetan mardula izan dela”.
Donostia sustatzeko bide berriak jorratzen ari dira Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizen esanetan. “Zaila da okupazioa hobetzea, hilabete horietan dagoeneko%80-%90 betetzen baitugu gaur egun. Dena den, hiria kanpora begira jartzea da gure helburua”.