Udalak eta Vasco de Camping elkarteak antolatutako ibilaldien mapa ikusgai dago San Telmo Museoan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
54 kilometroko ibilaldia lau etapatan banatu dute, eta hiriko bazter ezezagunenak zeharkatzen ditu.
Donostiako Itzulia antolatu dute udalak eta Vasco de Camping elkarteak. Guztira 54 kilometroko ibilbidea da, hiriko mugak inguratzen dituena. Lau etapatan banatu dute, oinez edo mendi bizikletaz egiteko moduan. Horrela, etapa luzeenak 15 kilometro ditu, eta laburrenak 11,5. Ibilbideko maldak ez dira bereziki gogorrak, eta beraz, adin eta mota guztietako hiritarrentzat prestatuta daude bideak. Udaletxetik abiatzen da bidea, ordulariko orratzen norabidean aurka, eta bertan amaitzen da ere. Lehen ibilbidea (15 km) udaletxetik Añorga Txikira doa, bigarrena (13,3 km) handik Martuteneko 27. poligonora doa, hirugarrena (11,5 km) Mirakruz Gainerarino iristen da, eta bertatik (14 km) berriz ere udaletxeraino.
Ibilbidea Donostiako bazterrak ezagutzeko diseinatuta dago Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ibilbideen helburua Donostiako bazterrak ezagutzeko aukera eskaintzea da Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan. “Hirian ibiltzeko ohitura handia dago, eta bide berriak proposatu nahi ditugu, kontzako badiati harago doazenak. Aurkeztutako programan, itsaslabarrak, baserriak, basoak, gune basatiak eta ibai bazterrak bisitatzeko aukera eskaintzen da, ondaren naturala eta kulturala deskubritzeko aukera”. Edozein egunetan egin daitezke, horretarako margo zuri urdinak margotu baitituzte ibilbide guztietan. Gainera, hilabetero irteera bat antolatuko dute, ibiltzearekin batera gidak eta azalpenak eskainiz. Ibilaldiak abenduaren 28an, urtarrilaren 25ean eta otsailaren 22an egingo dira.
Vasco de Camping elkarteak diseinatu ditu ibilbideak, mendirako zaletasuna dutenei proposamen berriak eskaintzeko asmoarekin. Ibilbideak nahi beste denboran egin daitezkeela azaldu du elkateko ordezkari Txema Garaik: “Lau etapatan banatu dugu bidea, horrela, bakoitzak bere nahi eta baliabideen arabera egin ditzan. Posible da egun batean etapa bat edo bi egitea, eta baita erdi bat egin eta autobusean itzultzea ere. Maldak ez dira gogorrak, eta kontua izan dugu ibilbidea entretenigarria eta didaktiakoa izan dadin. Beraz, guztientzat pentsatuta dago”.
Ibilbidea hobeto ezagutzeko [ilink url=”http://www.donostia.org/MedioAmbiente/DItzulia.nsf/fwMapa?ReadForm&id=A501610″]web ataria[/ilink] jarri dute, eta bertan GPS datuak eskuragarri daude. Horrekin batera, ibilbidean aurkitu daitekeen guztia laburbildu dute gida batea, eta datozen egunetan hiriko kioskoetan salgai jarriko dituzte 1,5 euroren truke. San Telmo Museoak ekimenarekin bate egin du, eta ibilbidearen hiru dimentsiotako mapa eta argibideak ikusgai egongo dira bertan hilaren 25etik otsailaren 22a arte. Horrekin batera, hitzaldiak eta umeentzako tailerrak antolatuko dituzte.