
Idoia Zabaleta koreografo eta dantzaria, Arrakalatuta programako lehen gonbidatua.
Idoia Zabaleta koreografo eta dantzaria izango da lehen gonbidatua; Viktoria Eugenia Antzokiko klubean ‘Posthumos’ pieza estreinatuko du gaur.
Arrakaletan barneratzeko asmoa dute Kaxilda-ko kideek. Gorputza, eta baita zaurgarritasuna ere, erdigunean ipini nahi dute, eta abiapuntu horietatik praktika artistikoak eta pentsamendua jorratu.
Gaur hasiko da
Arrakalatuta programa, Garazi Lopez de Armentia, Ana Gandia eta Kris Ora dantzariek dantzatuko dute Idoia Zabaletak sortutako
Posthumos lana. “Lanaren gaia da 80ko hamarkada eta horren bueltako musika; Eskorbuto eta Franco Battiatoren abestien musikal baten gisakoa da. 80ko hamarkadari begiratzen dio, baina gainetik eta oso era festiboan, gainera. Orain 50-55 urte dituztenei, belaunaldi horretako kideei, galdera bat egiten diet: ‘Zer egin zenuten?’. Edo: ‘Zer egin duzue?'”, azaldu du sortzaile gasteiztarrak. Izan ere, Zabaletak ez du obra hori dantzatzen, bere lan autobiografikoena iruditzen zaion arren.
Kaxilda liburu dendan antolatutako Arrakalatuta topaketen barruan, gainera,
Alta Boza tailer performatiboa zuzenduko du ostiraletik igandera: “Garrasiaren ideiari buruzko esperimentua izango da”. AEBetako Occupy mugimenduko kideek baliatutako ahots-anplifikaziorako teknikak esperimentatuko dituzte, Easo plazan eta Arroka kaleko frontoian, besteak beste. Izena emateko, helbide honetara idatzi behar da:
arrakalatuta@kaxilda.net. Eta bihar, osteguna,
Posthumos proiektuaren B aldea ikusgai izango da Kaxildan, 19:00etan. Zabaletarekin solastuko da Ixiar Rozas idazlea, eta
Vitoria, Victoria, Vitorear LPa zuzenean aurkeztuko du Oier Etxeberriak.
2015ean jarraituko du Arrakalatuta programak. Martxoan
Chantal Akerman zinemagile belgiarra izango da. Akermanen filmak eguneroko bizitzari, sexualitateari, isolamenduari eta XX. mendeko politikari buruzko behaketak dira. Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles (1975) filmarekin egin zen ezaguna. Apirilean
Bojana Kunst izango da Kaxildan. Pentsalaria, antzerkigilea eta arte garaikidean zein performancean teorialaria da. Maiatzean
Adriana Cavarero pentsalari feminista izango da gonbidatu nagusia.