Udaleko oposizioari igeldotarren erabakia errespetatu eta helegitea kentzeko eskatu dio Garitanok
Gipuzkoako diputatu nagusiak EAJ, PSE-EE eta PPri gogorarazi die igeldotarren erabakia errespetatzea haien esku dagoela orain. Euskadiko Auzitegi Nagusiak baztertu du Espainiako Estatuaren Abokatuak Igeldo udalerri bihurtzea ahalbidetzen duen foru dekretuaren kontra jarritako helegitea. Horren ondorioz, Donostiako Udaleko oposizioko taldeek jarritako errekurtsoa da Igeldo udalerri bihurtzeko egun dagoen oztopo bakarra. Martin Garitanok eskaera hori egin zuen atzo, Itziarren, bertako herritarrak auzo-udal bihurtu ala ez erabakitzeko herri galdeketa egiten ari ziren egunean.
Garitanoren iritziz, “Itziarren ikusten ari garen ariketa demokratiko hau eredugarria da. Igeldon ere egin zen galdeketa bat, gaurkoaren antzera. Igeldotarrek oso garbi adierazi zuten haien nahia, baina zoritxarrez, Donostiako Udaleko oposizioak ez zuen erakutsi gaur Debako Udalak erakutsi duen jarrera demokratiko bera”. EAJ, PSE-EE eta PPri leporatu die igeldotarren erabakia ez onartu izana: “Are gehiago, herritarren borondatea bazterrean utzi eta auzia epaileen esku uztea aukeratu zuten. Carlos Urkijo Espainiako ordezkariaren bide bera hartu zuten eta igeldotarren erabakia baliogabe uzteko errekurtso bana jarri zuten gure foru dekretuaren kontra”.
Debako udalbatzak Itziarko auzo udala eratzea onartu du. ‘Ados zaude?’ galderari erantzun zioten atzo Itziarren. Baiezkoak babes zabala jaso du (%96 inguru), eta parte hartzea %72koa izan da. Debako Udalak onartua du jada auzo udala sortzeko txostena, eta horrekin ados dauden ala ez esan dute gaur herritarrek. Orain Gipuzkoako Aldundiak dekretuz onartu beharko du auzo udalaren sorrera.


