Mariaren Bihotza ikastolak keinu berezi bat egin dio euskarari
Eskola osatzen duten ikasle guztien artean mosaiko erraldoi bat egin dute, euskara euren bihotzetan dagoela irudikatuz.
Mariaren Bihotza ikastolak bat egin du Euskararen Egunarekin, eta jarduera ugari antolatu ditu eguna ospatzeko. Goizean goizetik Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak DHBko beste batzuekin elkartu dira, eta gabonak nola ospatzen dituzten azaldu diete elkarri. Mintzodromo eran egin dute, taldeka eta euskara maila desberdinak uztartuz.
Ondoren, haur Hezkuntzako ikasleak Groseko Katalunia plazan izan dira, euren lanak erakusteko. Izan ere, hosto batzuetan euskararen alde mezutxo batzuk idatzi dituzte eta plazan dauden zuhaitzetatik zintzilikatu dituzte. Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, hormairudi bat osatu dute, Behe Nafarroa plazan. Bertatik pasa direnei euskaren alde eskua luzatu nahi duten galdetu diete. Ikasleek parte hartzaile guztien eskuen silueta marraztu ondoren, esku hauek margotu eta pankarta bat osatu dute. Honela, ikastolako ikasleek eta auzokideek euskararekiko duten inplikazioa erakutsi nahi izan dute, eta auzotar ugarik hartu dute parte.
Euskara bihotzean
Arratsaldean, egunotan prestatzen ibili diren mosaiko erraldoia osatu dute. Mariaren Bihotza ikastolako 250 ikasle baino gehiagok bihotz handi bat irudikatu dute, erdian euskararen E hizkia azaltzen zelarik. Horrekin batera, DBH 4.mailako Andreak eta LH 6.mailako Xabierrek Joxemai Ormazabal Lazkaok Euskararen Egunerako idatzi zuen mezua irakurri dute. Ane Sobreviela irakasleak ere hitz batzuk eskaini ditu: “Ziur gaude euskara gure bihotzetan eramateak hizkuntza eder hau gero eta gehiago erabiltzen lagunduko digula”. Ekitaldia Behin betiko kanta abestuz amaitu dute, jai giroan.
[Gallery=206]