'Bakearen Usoa' Saguesera eramateko lanak hasi dira
Nestor Basterretxearen eskulturak agur esango dio laster Amara Berriko Aita Donostia plazari. Urte bukaerarako itsasertzera eramango dute, Saguesera. Grosen jarri zuten lehen aldiz, 1988ko abenduaren 21ean inauguratu baitzuten Zurriolako pasealekuan. Handik urte gutxira, Kursaalean obrak hasi zirenean, Amara Berrira eraman zuten. Aldaketa hori behin-behinekoa izan zen, eta Nestor Basterretxeak berak aldaketa berriz itsas aurrera itzul zedin baldintzapean onartu zuen.
Saguesera eramateak, beraz, artistaren oroimenarekiko zegoen zorra kitatuko duelakoan dago alkatea. Juan Karlos Izagirrek Giza Eskubideen Batzordean eta Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordean proposatu zuen eskultura lekuz mugitzea, Basterretxearen familiaren eta alderdi politikoen adostasunarekin.