Hiriko merkatal guneak omenduko dituztela adierazi dute SShops Donostiako presidente Esteban Gonzalezek, Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek eta Sustapeneko arduradun Euken Sesek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ehun urtetik gorako dendei diplomak banatuko dizkiete, eta hiriko saltoki berritzaileena sarituko dute.
Udalak, Sustapenak eta SShops Donostia-k Merkataritzaren Eguna antolatu dute lehen aldiz, hiriko merkataritza-elkarteekin elkarlanean. Ostiral honetan egingo dute, hiriko merkataritza omendu eta kontsumo arduratsua sustatzeko helburuarekin.
Kontsumoa sustatzeko, erosketetan gastatutako 50 euro bakoitzeko 10 euroko baleak banatuko dituzte kanpaina honi atxikitako establezimenduetan, kontsumintzailea saritzeko helburuarekin. Guztira 95 saltokik parte hartuko dute ekimenean, hiriko auzo guztietan. Horrekin batera, ehun urtetik gorako dendei aitorpen diplomak banatuko dizkiete, egindako lana omenduz. Hauek dira omenduko dituzten saltokiak: Merceria Francesa, La Casa de las Labores, Sastreria Cortes, Perfumeria Benegas, La Esperanza, Papeleria Tamayo, Pasteleria Otaegui, Bolsos Alvarez, Barrenetxe, Tello, Villa MªLuisa, Camiseria Aristizabal, Semillas Elosegui, Bolsos Erro, Idoia Odriozola, Congelados Arrieta, Almancenes Arenzana, La Casa del Artista eta Boutique Cristina.
Omenaldiekin batera, Donostiako denda berritzaile Onena sarituko dute ostiralean. Horretarako, bozketa jarri dute martxan sustapeneko sare sozialetan; bozkatzen dutenen artean 500 euro zozketatuko dituzte, denda irabazlean gastatzeko. Egun guztian zehar musika egongo da kaleetan, eta Javier Sada historialaria hiriko merkataritzaren garrantziaz mintzatuko da, Zinemaldia, Jazzaldia eta Belle Epoque aztertuz. 19:30an egingo du hitzaldia, Donostiako Udaleko Udalbatza-Aretoan.
Merkatariak hiritar
Merkataritza Eguna hiriko saltokiei bultzada eta onespena emateko antolatu dute Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizen esanetan: “Betiko merkataritzaren garrantzia azpimarratu nahi dugu egun honekin, hirian denda bereziak, esperientzia handikoak eta bakarrak ditugulako”. Azken ehun urteetan lanean ibili diren saltokien meritua azpimarratu du Sustapenenko arduradun Euken Sesek: “Hiriaren zerbitzura egon dira urte guzti hauetan, eta instituzioen aldetik omenaldia merezi dute”.
SShops Donostia plataforma komertzialeko presidente Esteban Gonzalezen arabera, saltzaile, instituzio eta kontsumitzaileek bat egin behar dute hiriko merkataritza mantenduko bada. “Hiru hankako aulkia da hau, eta hiruak behar ditu aurrera egiteko. Horregatik, denon ardura da kontsumo arduratsua sustatzea. Merkatariok prezio egokiak, produktu onak eta tratu onena eskaini behar dizkiegu bezeroei, eta horiek konpromisoa hartu behar dute hiriko saltokiekiko. Ez dugu ahaztu behar merkatariok ere hiritarrak garela”.