Alemanian grabatutako ‘Aura’ diskoa aurkeztuko du Judith Jauregi piano jotzaileak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Alemanian grabatutako Aura diskoa aurkeztuko du Viktoria Eugenian, Liszt, Mompou eta Deussyren piezekin.
Inpresionismo garaiko hiru konpositore garrantzitsuenen pieza intimo eta puruenak eskainiko ditu Judith Jauregi piano jotzaileak (Aiete, 1985) ostiralean, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Europako hainbat herrialdeetan itzulia egin berri ondoren bueltatu da sorterrira, eta Alemanian grabatutako
Aura diskoko piezak esakiniko ditu.
Bake oasi bat da bere azken diskoa Jaureguirentzat. Berak sortutako BerliMusic zigiluarekin ateratako hirugarren diskoa da
Aura, eta Franz Liszt, Federico Mompou eta Claude Debussy konpositoreen pieza intimoenak bildu ditu bertan: “Erabateko sormen askatasuna eskaintzen dit nire zigiluarekin lan egiteak. Aurreko bi diskoak indartsuagoak ziren, eta oraingoan baltsamua diren piezak bildu ditut, norbera bere buruarekin aurkitzera gonbidatzen dutenak”.
Liszten Consolations
Pensées poétiques, Mompuren
Impresiones íntimas eta Debussyren
Estampes eta
L’isle joyeuse eskainiko ditu, besteak beste. Garai berdineko baina jatorri eta estilo ezberdineko konpositoreen obra garbi eta argienak aukeratu ditu piano jotzaileak. Jaureguiren arabera, donostiarrek ondo hartuko dute aukeratutako pieza sorta: “Hiri hau oso inpresionista da, eta frantses usaina izan du beti. Ziur nago asko disfrutatuko dutela hiru musikari hauen esentzia musikalarekin”.
Jauregi Madrilen bizi da gaur egun, eta munduko herrialdeetatik itzulia egingo du aurki, hala nola, Alemania, Frantzia, Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuak. Etorkizunean zigiluarekin disko berriak ateratzeko asmoa dauka, proiektua airean dagoen arren: “Koherentziaz lan egin behar dela sinisten dut. Horregatik sortu nuen zigilua; askatasunez lan egiteak beldurra ematen du, baina zu zeu izatea ahalbidetzen du”.