Danborradak balkoietatik ikusteko aukera emango du udalak aurten ere
Konstituzio plazako eta udaletxeko balkoiak herritarrei zabalduko dizkie; astelehenean irekiko dute izena emateko epea, urtarrilaren 6a arte.
San Sebastian Eguneko ekitaldi nagusiak bi leku berezietatik ikusteko aukera izango dute donostiarrek, beste behin ere. Izan ere, danborradak konstituzio plazako eta udaletxeko balkoietatik ikusteko aukera emango du udalak, hirian erroldatutako interesatu guztien artean. Datorren astelehenean, abenduak 15 irekiko dute zozketan parte hartzeko aukera, eta urtarrilaren 6a arte egongo da zabalik.
Konstituzio plazako eraikinaren lehenengo pisuko balkoitik, jaiari hasiera emango dion banderaren igoera eta jaia itxiko duen banderaren jaitsiera ikusteko aukera egongo da. Guztira, 60 lagunek izango dute ohorea egun bakoitzean; egun bakoitzerako saritutako 30 lagunetako bakoitzak lagun batekin joateko aukera izango baitu. Udaletxeko balkoi batetik, berriz, Haur Danborrada ikusteko aukera izango dute 48 lagunek; beraz, 24 saritu egongo dira, bakoitza lagun batekin joan dadin.
Udalak duela bi urte abiatu zuen jarduera, eta oso harrera ona izan du herritarren artean. Iaz, esaterako, 4.470 lagunek eman zuten izena zozketan parte hartzeko.
Zozketan parte hartzeko hiru bide
Hiru aukera daude izena emateko; Udalinfora gerturatuz; Donostia.org webgunearen bidez, edo 010 telefono zenbakira deituta. Donostian erroldatua egon beharra dago zozketan parte hartu ahal izateko eta 18 urtetik gorakoa izan urtarrilaren 6rako. Izena emateko garaian ezin izango da banderaren igoera edo jaitsierako ekitaldia aukeratu, bai ordea, ekitaldi horietan edo Haur Danborradan egon nahi den, edo bietan.
Zozketa publikoa urtarrilaren 9an egingo dute, 18:00etan, udalbatza aretoan. Haur Danborradako pertsonaiek aterako dituzte zenbakiak. Egun horretatik aurrera jakinaraziko diete irabazleei zer egokitu zaien, eta noiz eta non jaso beharko dituzten gonbidapenak.

Aurtengo zozketaren irudia. (Argazkia: Donostiako Udala)


