DonostiaEKIN antolatu du Sustapenak, ekintzaileentzat eta enpresa sortu berrientzat
Kursaalen izango da azoka, datorren asteartean, 9:00etatik 13:30era.
Donostia Sustapenak DonostiaEKIn antolatu du, ekiteko joera berriak lelopean. Azken batean, herritarrek euren enpresak sortzea nahi du sustapenak, eta horrregatik, ekintzaile zein enpresa sortu berrientzat bideratutako azoka antolatu du. Hala, hainbat jarduera egingo dituzte Kursaalen, datorren asteartean, 9:00etatik 13:30era. “Esperientzia berdinak dituzten pertsonek asko dute euren artean konpartitzeko”, aipatu du Josu Ruiz Ekonomia zinegotziak azokaren aurkezpenean. Sustapenak emandako datuen arabera, aurten 220 enpresa sortzeko laguntza eman du, 264 lanpostu sortuz. “Ilusioa sortu nahi dugu”, gehitu du Ruizek.
Azokak formatu dinamikoa izango duela ziurtatu dute. Izan ere, interesatuek adituei galderak egiteko aukera izango dute, hainbat proiektu aurkeztuko dituzte, eta hobeto komunikatzeko gakoen berri jasoko dute partaideek. Azken batean, azokak lau helburu garbi ditu: Enpresa sortu berriak ezagutaraztea, ideia edo produktuen iritziak jasotzea partaideen artean, proiektuen salmenta bultzatzea eta harreman sarea sendotzea.
Josu Ruiz berak eta Donostia Sustapeneko Euken Sesek emango diote azokari hasiera, hainbat azalpenekin. “Herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu, euren enpresak sor ditzaten”, aipatu du aurkezpenean Sesek. Ondoren, hiru adituk euren esperientziaren berri emango dute: Iñigo Diaz Zerio (Realeko jokalari ohia eta ieTeam Consultoreseko zuzendaria), Susana Quiñones (Loreak Mendianeko zuzendaria), eta Julen Etxebeste (ekintzailea eta proiektu berritzaileen bultzatzailea). Tartean, jarduera gehiago egingo dituzte eta bukatzeko, sari-banaketa egingo dute.

Iazko GazteEKIn azokaren irudia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)


