IRUTXULOKO HITZAk ‘Zaharrak berri!’ jardunaldietan parte hartuko du
Donostiako euskarazko komunikabideen egoera mintzagai izango dute San Telmon, hainbat komunikabideetako ordezkariekin.
Donostiako euskarazko komunikabideak mintzagai izango dituzte datorren astearte eta asteazkenean, Zaharrak berri! jardunaldietan. Bi hitzaldi antolatu ditu Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, biak 19:00etan, San Telmo Museoan. Astearteko saioan Donostiako euskarazko komunikabideen ibilbidea aztertuko du Bagerako presidente Dani Goñik, eta ondoren, Donostiako euskara hutsezko komunikabideen ordezkariekin solasaldia egingo dute, Lander Arbelaitz kazetariak dinamizatuta. Bertan parte hartuko du IRUTXULOKO HITZAko zuzendari Aritz Sorzabalek, Piztu.info-ko ordezkari Ander Suberbiola eta Ttan Ttakun irratiko ordezkari Batiste Ezeizarekin batera. Asteazkenean berriz, euskarazko beste tokiko hedabideen esperientziak jasoko dituzte, eta bertara gonbidatu dituzte Hernaniko Kronikako eta Tolosako Ataria-ko ordezkariak. Azkenik, Word kafea antolatu dute Zer egin dezakegu guk euskarazko hedabideen zabalpenean? eztabaidagaia ardatz hartuta.
Etorkizuna hizpide
Astearteko solasaldia etorkizunari begira egongo da, izan ere, komunikabideen kezka eta erronka nagusia hiritarrei iristea baita. Horrela, eztabaidatuko diren gaien artean teknologia berriak, Internet, krisia eta kontsumitzaileen ohiturak egongo dira. Donostiako egoera politikoa ere aztertuko dute, eta baita euskararen erabilera ohiturak ere. Solasaldiaren helburua medioen artean esperientziak partekatu eta etorkizunerako erronka berriak aurkitzea da, eta horretarako hedabide txikia izatearen abantailez eta esperientzia positiboez ere mintzatuko dira, eta baita komunikabideen arteko elkarlanerako espazio posibleez ere.