Aterpe beharrean daudenen kopurua igo egin da Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Tere Barrenetxea eta Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuren esanetan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Tenperatura zero azpitik dagoen egunetan beharra duten guztiei harrera egingo diete Abegi Etxean, Ate Irekiko zerbitzuari esker.
Ate Irekiko Zerbitzua aurkeztu du Donostiako Udalak, muturreko baldintza meteorologikoetan kalean daudenei aterpea eskaintzeko helburuarekin. Protokoloa zero azpiko egunetan aktibatzen da, eta halakoetan beharra duten guztiei eskainiko zaie aterpea Abegi Etxean, Mons pasealekuko 3. zenbakian dagoen eraikinean.
Neguko dispositibo hau aktibatzeko protokolo bat dago martxan. AEMET zerbitzuaren eguerdiko 14:00etako partea erabiltzen da, eta tenperatura zero azpitik izango dela aurrikusten bada automatikoki martxan jartzen da.
Halako egoeran eskaintzen diren plazen kopurua mugagabea da, hau da, guztiei eskaintzen zaie lo egiteko tokia. Iazko neguan gau bakar batez aktibatu zen zerbitzua, azaroaren 27an, eta 17 lagunek erabili zuten zerbitzua. 2007 hasi zuten protokoloa, eta ordutik urtero aktibatu dute, urteko baldintza meteorologikoen arabera gehiaago edo gutxiagotan. Besteak beste, 2011ako neguan 11 aldiz aktibatu zuten. Martxoaren amaiera arte egongo da indarrean.
Protokoloaren helburua egoera larrian daudenei laguntzea da Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziaren arabera: “Udalak konpromiso soziala dauka, eta kontziente gara kalean daudenen egoeraren errealitateaz. Zoritxarrez, dautek diote azken urteetan gehiago direla behar egoeran daudenen kopurua, eta halako egoerei aurre egiteko ezinbestekoak dira politika orokorrak eta instituzioen arteko elkarlana”. Kale Gorrian kolektiboak kalean bizi direnen espektroa egin zuen urriaren 29tik 30erako gauean, eta 87 lagun zenbatu zituen hiriko kaleetan lotan. “Konponbidea ez da erraza. Ezin zaie aterpea besterik gabe eman, bakoitzaren egoera aztertu eta konponbideak aurkitu behar dira insituzio guztien artean”.
Zerbitzuak beteta %100ean
Protokolo berezi horrez gaiz, udaleko Gizarte Ongizateak beste bi baliabide ditu etxerik gabekoak jasotzeko; horrela, Abegi Etxea urte osoan dago irekita, eta egun guztian zehar eskaintzen ditu zerbitzuak. Bertan eguneko hiru otorduak ematen dituzte, eta gehienez hiru egunez egon daitezke bertaratzen direnak, egonaldi bereziak salbu. Guztira 40 plaza ditu. 2013an 2.103 pertsonek erabili zuten zerbitzua. Abegi Etxearen eraikin nagusiaren ondoan, adin-txikikoak dituzten familiak babesten dituzten eraikin bat dago ere. 2013an 23 familiak erabili zuten zerbitzu hau, guztira 33 adin txikikorekin. Horrekin batera, duela bi urte urte guztian zehar ireki zuten Gaueko Aterpea, 32 plazarekin. Azken honek soilik gaua pasatzeko zerbitzua eskaintzen du.
Gaur egun zerbitzu hauek %100 beteta daude Gizarte Zerbitzuen zuzendari Tere Barrenetxearen arabera: “Tiket batzuen bidez banatzen ditugu aterpeen plazak, eta beti daude goraino beteta. Bi aterpetxe horiekin batera, Caritasek Aterpe eta Hotzaldi eraikinak ditu, 25 eta 40 plaza eskaintzen dituztenak hurrenez hurren. Denak betetzen dira”.
Gaueko Aterpea bost hilabetez zabaltzen zen eta duela bi urte zabaldu zuten urte osoan zehar. Bertaratzen direnei ez zaie afaririk ematen; bai, ordea, gosaria. Tiketak banatzeko garaian osasun egoerari, emakume izateari, eta adinari erreparatzen diote, eta, hiriarekin loturaren bat ote duten begiratzen dute. 2013an 192 pertsonek erabili zuten, 9.565 gaualdi eginez.