Kursaal Eszenak 23 kontzertu programatu ditu 2015erako
30.000 ikus-entzule baino gehiago igaro dira 2014an Kursaaleko ikuskizunetatik; gazteengana iristea jarri dute erronka berrien artean.
Krisi garaian ere, emaitza onak eskuratu dituela aipatu dute Kursaal Eszenako arduradunek, denboraldia ixteko egin duten agerraldian. Izan ere, 2014an 32 kontzertu eskaini dituzte Kursaalen, eta okupazioa maila %72koa izan da; hala, 1.367.546 euroko aurrekontuarekin, 30.000 ikus-entzule baino gehiago erakarri dituzte. 2015ari begira, 23 kontzertu programatu dituzte, horietatik 10 musika klasikokoak, 9 herri musikakoak eta 4 familian gozatzekoak; hau da, 17 auditorioan eta 6 ganberan. Kontzertuen artean izango dira Dulce Pontes, Txekiako Orkestra Filarmonikoa, James Taylor, Juan Mari Beltran eta Petti, besteren artean.
Aurrekontuari dagokionean, 2015erako 1.259.233 eurokoa izatea zehaztu dute. Kopuru horretatik %64 diru sarrera publiko eta pribatuetatik iritsiko da, eta gainontzeko %36 txarteldegiko sarreretatik. “Zuhurrak izan gara eta aurrekontu zentzuduna egin dugu” aipatu du Kursaal Eszenako Iker Goikoetxeak. Gainera, jada badituzte erronka berriak, Ikerne Badiola Kultura diputatuak azaldu duenez: publiko gaztearengana iristea, programazioa Donostiatik haratago zabaltzea, eta kolaborazioa eta koordinazioa hobetzea.
Edp fundazioko Antonio Oña izan da denboraldi honetan Kursaal Eszenako zuzendaria, eta urte berriari begira, Euskalteleko Nerea Lupardok hartu dio lekukoa. Izan ere, Kursaal Eszena, erakunde publikoek eta zenbait enpresa pribatuk bultzatzen dute.