Pobreziaren aurkako manifestazioa egingo dute larunbatean
Goizean herritarrei informazioa helarazi diete, eta deialdian parte hartzera animatu dituzte.
Pobreziaren eta bere errudunen aurka: bankari, multinazionalak eta euren zerbitzura dauden gobernu ustelak lemapean, Stop Kaleratzeak eta IRPH Stop Gipuzkoa elkarteek manifestazioa deitu dute larunbaterako. Bulebarretik 12:00etan irten, eta hiriko kaleetatik barrena egingo du ibilbidea. Hainbat sindikatu eta alderdi politikoek bat egin dute deialdiarekin: ELA, LAB, CCOO, ESK eta CNT sindikatuak, eta EH Bildu, Ezker Anitza, Antikapitalistak, Equo eta Podemos-eko zenbait alderdik.
Gaur goizean elkarte horiek informazioa banatu dute, Bretxako merkatu aurrean, herritarrek ere euren atxikimendua azaltzeko eta dei egin diete larunbatean Bulebarrera joateko. Konponbideak badirela aldarrikatu dute, errudunentzat epaiketa eta zigorra eskatuz. “Konponbideak datorrean astean 2015eko aurrekontuak erabakiko dituen Gasteizko Legebiltzarra osatzen duten alderdien esku daude. Murrizketarik gabeko eta inor baztertuko ez duten laguntza sozialentzat dirua badago”. Horrez gain, etxebizitzaren euskal lege bat aldarrikatu dute, bankuen etxebizitza hutsak “desjabetzeko eta baita bidezko zerga politika bat edukitzeko ere”.
Munduan mila milioi pertsonatik gora egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi direla, eta EAEn 250.000 inguruk egoera larrian daudela gogorarazi dute. Horregatik, legebiltzar eta euskal erakundeen aurrean, honakoak geldi daitezen eskatu dute: etxebizitzen arazoak, etxegabetzeak, IRPH indizea, pobrezia eta bazterkeria, iruzur fiskala, zerbitzu publikoak deusestatzea eta Kutxabanken pribatizazioa. Hori guztia ez gertatzea nahi dute, eta horri aurre egiteko irtenbide bakarra kalera ateratzea dela sinisten dute.