Proposamenak bidali daitezke jada seigarren Olatu Talkarako
Orain arte laguntzaile postuan aritu den Donostia Kulturak hartuko du 2015eko jaialdiaren ardura nagusia; maiatzaren 29an, 30ean eta 31n izango da.
Olatu Talkaren webgunean ere proposamenak bidaltzeko aukera egongo da, formulario bat betez. Behin proposamen guztiak jasota, lantaldeak jarduera egokienak zeintzuk diren erabakiko du, eta martxoan emango du lehen erantzuna. Hala, apirilerako egitarauaren lehen zirriborroa izango dute. Jon Aizpurua Kultur Ekintzako zuzendariak aipatu duenez, kultura bere era zabalean ulertzea nahi dute, hau da, betiko antzerki, musika eta dantzaz gain, hezkuntza, lankidetza, giza eskubideak… hala, kontutan izango dituzte eragile bat baino gehiago barneratzen dituzten jarduerak, urtean barrena landutakoak, euskarazkoak, kooperazioa lantzen dutenak… Gainera, ekitaldi soilez gainetik, denboran iraungo duten lekukoak utzi nahi ditu Donostia 2016ek, hau da, 2016tik aurrera ere indarrean jarraituko duten oinordekoak.
Orain arte izan badu ere, auzoetan gehiago eragin nahi dute, herritarrek egindako eskaerari erantzunez; horretarako, kultur etxeen laguntza beharrezkoa izango da. Aurkezpenean aipatu dutenez, badira Olatu Talkarekin hasi eta dagoeneko hirian egonkortu diren jarduerak: Musika Parkean, Sukaldanitzak, Garbibai… eta hala izaten jarraitzea nahi dute.
2015eko Olatu Talka bukatu bezain laster, gainera, ekainean bertan, 2016ko jaialdia prestatzen hasiko dira.
Orain arte laguntzaile lanetan ibili ostean, Donostia Kulturak izango du aurrerantzean Olatu Talkaren ardura nagusia, Kultur Ekintza zerbitzuaren bidez. Festak eta Ekoizpen unitateek ere lagunduko dute antolakuntzan. Era berean, Donostia 2016ko lantaldeak Olatu Talkaren partaide izaten jarraituko du. Maiatzaren 29an, 30ean eta 31n izango da 2015eko jaialdia eta gaurtik otsailaren 19a arte proposamenak egiteko aukera egongo da. “Batzuetan, berritzailea izan daiteke gauzak egiteko era aldatzea”, aipatu du Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik.
Arduradunen esanetan, bost urteren ostean dagoeneko hirian sustraitua dagoen jarduera da Olatu Talka, baina oraindik jakin badakite badirela agertu ez diren sortzaile asko eta asko. Beraz, ahalik eta jaialdi partehartzaileena izateko helburuarekin, herritarrak euren proposamenak egitera deitu dituzte. Fisikoki, Groseko Okendo kultur etxean egongo da proposamenak uzteko aukera, astelehetik ostiralera, 16:00etatik 19:00etara, laguntza eta aholkularitza zerbitzuekin.