Europako Kultur Hiriburutzak ika-mika piztu du han eta hemen, baina, antza, liskarra baretu egin da zuzendariaren izendapenarekin. Egitasmoak lasaitasuna beharko du, urtebete besterik ez baita falta data esanguratsua iristeko.
Pablo Berastegi, Donostia 2016 egitasmoaren zuzendari orokor berria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Europako Kultur Hiriburutzak ika-mika piztu du han eta hemen, baina, antza, liskarra baretu egin da zuzendariaren izendapenarekin. Egitasmoak lasaitasuna beharko du, urtebete besterik ez baita falta data esanguratsua iristeko.
Pablo Berastegi da egitasmoaren zuzendari orokor berria
Irailean aurkeztu zuten Pablo Berastegi, Donostia 2016 egitasmoaren zuzendari orokor berria. Easo kaleko 2016 Gunean bertan egin zuten aurkezpena, hiriburutzaren egoitza berrian –suhiltzaileen egoitza ohian–, eta Berastegik alboan izan zituen Patronatuko ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Cristina Uriarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Ikerne Badiola eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre.
Izendapen berriak ikusmin handia piztu zuen, eta zuzendari orokorrak kazetarien jakin-minari erantzun behar izan zion. Donostia 2016ko Patronatuak aho batez izendatu zuen Berastegi, eta bera gustura agertu zen erabakiarekin. Kultura sustatzaile gisa eskarmentu handiko gizona da eta lanerako gogotsu dagoela adierazi zuen:
«Dakidan guztia Donostia 2016ri eskaintzeko prest nator; ilusioa eta nire eskarmentu osoa eskainiko ditut». Egitasmoa aurrera ateratzeko gai izango direla esan zuen, eta arrakastaz gainera: «Donostia 2016 kultur ospakizun garrantzitsu bat izango da, eta herritar guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera». Horretarako formula ezberdinak bideratuko omen dituzte, kultur eredu berri bat sortzea baitute helburu: kultur eredu parte hartzaile bat.
Horretarako lan asko egin beharko dutela onartu zuen zuzendari berriak, baina lankideengan konfiantza osoa erakutsi zuen.
Urtean zehar gertatutako etenaldi eta aldaketek ez diotela egitasmoari onik egin aitortu zuen, eta egitasmoaren zuzendaritzari hainbestetan leporatu izan zaion gardentasun falta ekiditeko prest agertu zen Berastegi, bere ustez, «proiektu ireki, parte hartzaile eta aberatsa» izan behar duelako.
Iruñean jaioa da Berastegi, 1968an, eta guraso euskaldunak izan arren, oraindik ez duela euskara ikasi onartu zuen aurkezpenean. Kultur Hiriburutzako zuzendari orokorrak euskaraz ez jakiteak hainbat erreakzio sortu zituen. Sortu eta Kontseiluarentzat, esaterako, ez da izendapenik egokiena izan. Berastegik iritzi hori aldatzeko gogotik lan egingo duela adierazi zuen, ordea.
Nogerasen dimisioa
Apirilean,
Itziar Nogerasek Donostia 2016 Fundazioaren zuzendari kargua uzteko arrazoiak azaldu zituen. Zuzendaritza orokorrarekiko konpromiso eta konfiantza falta salatu zituen, besteak beste:«Nire izendapenak sortutako polemikaren aurrean sentitu nuen babes faltarekin hasi zen arazoa».