Aurten esan daiteke bi aldiz abordatu dutela Donostia, Aste Nagusiko jarduera nagusiaz gain, uztailean milaka pertsonek bat egin baitzuten piratekin, Edozer Dugu Posible egunean. Donostiako Piraten arabera, 55.000 lagun inguru elkartu ziren Zurriola hondartzan, Manu Chaoren kontzertua ikusteko.
Europako Kultur Hiriburutzak ika-mika piztu du han eta hemen, baina, antza, liskarra baretu egin da zuzendariaren izendapenarekin. Egitasmoak lasaitasuna beharko du, urtebete besterik ez baita falta data esanguratsua iristeko.
Azken urteotako denboraldi latzenak kolpatu zuen hiria, otsailaren 2an. 5,5 milioi eurotik gorako kalteak eragin zituen, eta hilabeteak pasa behar izan ziren normaltasunera itzultzeko. Pasealeku Berria, esaterako, lau hilabete geroago ireki zuten oinezkoentzat.
Behobia-Donostiak 50 urte bete zituen azaroan, eta urtemuga ez zen oharkabean pasa, berrikuntza garrantzitsuekin etorri baitzen. Lasterketak aldaketak izan zituen ibilbidean. Hala, Errenteria-Oreretatik eta Pasai Antxotik igaro ziren korrikalariak.
Jagoba Arrasaterekin ekin zion Realak denboraldi berriari, baina David Moyes entrenatzaile eskoziarrak hartu zion lekukoa azaroan, zuzendaritzak bizkaitarra kargutik kendu eta gero.
Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako berrogei gazte independentistei. 2013ko urrian hasi zuten epaiketa, eta ekainean eman zuen epaia auzitegiak. Sei donostiar zeuden epaituen artean: Maialen Eldua (Egia, 1988), Asier Coloma (Parte Zaharra, 1979), Mikel Esquiroz (Intxaurrondo, 1988), Garazi Rodriguez (Gros, 1987), Aitziber Arrieta (Parte Zaharra, 1985) eta Eihar Egaña (Amara, 1988).
Euskal ordezkariek garrantzi handia izan dute aurtengoan. Sail Ofizialean, lehenengoz, euskaraz goitik behera ekoitzitako film bat aurkeztu dute: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga donostiarrek zuzendutako 'Loreak'. Pablo Malo donostiarraren 'Lasa eta Zabala' filma ere 62. Zinemaldian aurkeztu dute lehen aldiz.
Reala baino harago bizitza badagoela erakutsi du eskubaloiak aurten ere, Bera Berak iazko balentria errepikatu baitu. Pilotak ere bere alea jarri du, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa eskuratu du pala eta eskuzko arloetan.