Reala baino harago bizitza badagoela erakutsi du eskubaloiak aurten ere, Bera Berak iazko balentria errepikatu baitu. Pilotak ere bere alea jarri du, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa eskuratu du pala eta eskuzko arloetan.
Donostiak Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko txapelketaren finala irabazi du. (Argazkia: Lide Ferreira)
Reala baino harago bizitza badagoela erakutsi du eskubaloiak aurten ere, Bera Berak iazko balentria errepikatu baitu. Pilotak ere bere alea jarri du, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa eskuratu du pala eta eskuzko arloetan.
Donostiak eskuzko txapela jantzi du, hamasei urte geroago
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan balentria erdietsi du aurten Donostiak, pala eta eskuzko txapelak lortu baitzituen udan.
Eskuzkoari dagokionez, Donostiak iazko txapeldun Oiartzunen aurka jokatu zuen uztailean, Atano III.ean, eta donostiarrak izan ziren garaile. Kategoria bakoitzeko, partida bana jokatu zuten: kadeteak, lehenengo; jubenilak, ondoren; eta helduak, azkenik. Bada, txapeldunak izateko bi partida irabaztearekin nahikoa zuten arren, hiruetan aurkaria baino lehenago iritsi ziren 22 tantora. Horrenbestez, 1998. urtetik lortzen ez zuen txapela jantzi zuen Donostiak, aurtengo Herriarteko Eskuzko Txapelketa irabazi eta gero.
Kadeteetan, Iñigo Bikuñak (Gros, 1998) eta Jon Alberdik (Antigua, 1998) ordezkatu zuten Donostia (22-12). Jubeniletako protagonistak Julen Chiapuso (Loiola, 1996) eta Mikel Aranguren (Antigua, 1996) izan ziren. Eurek jokatutako partida txapelketa irabazteko puntua eman zion Donostiari; asko kostata, hori bai. 19-13 irabazten joatetik, 19-21 galtzen joatera pasa ziren, baina, hala ere, 22 iristeko gai izan ziren (22-21), markagailua iraulita.
Chiapuso eta Arangurenen lorpenak lasaitasuna eman zien helduen kategoriako pilotari Iker Urmeneta (Añorga, 1985) eta Xabi Ortiz de Urbinari (Antigua, 1985). Faboritoak oiartzuarrak ziren, baina, finala irabazita, lasai egoteak arriskutsuak bihurtu zituen donostiarrak, aise irabaztea lortzeraino (22-11).
Lasaitasun hori lehenengo zatian argi eta garbi utzi zuten; 10-0 markagailua lortu zuten, tanto gehienak Urmenetak egindako sakeekin. Ondoren, Oiartzun hurbiltzen saiatu zen, baina hamaika tantora iritsi zenerako jada berandu zen, donostiarrek partida irabazita zuten (22-11).
Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa jokatuko zuten handik egun gutxira. Donostiak tarte txikia izan zuen prestatzeko eta finaleko lanagatik atseden hartzeko. Hala ere, finalera iritsi ziren kasu honetan ere, baita etxean jokatu, baina Berako ordezkariak gehiago izan ziren.
Palan ere txapeldun
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren baitan, palako finalari dagokionez, Donostiak eta Olaberriak jokatu zuten partida erabakigarria ekainean, eta donostiarrak izan ziren txapeldunak. Atano III.ean neurtu zituzten indarrak bi herriek. Hilabete geroago, Euskal Herriko finalean, baina, Sestaoren kontra galdu zuen Donostiak. Horrenbestez, eskuzkoan gertatu bezala, Gipuzkoako txapeldunak eta Euskal Herriko txapeldunorde izan dira aurten palako ordezkari donostiarrak.