Euskal ordezkariek garrantzi handia izan dute aurtengoan. Sail Ofizialean, lehenengoz, euskaraz goitik behera ekoitzitako film bat aurkeztu dute: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga donostiarrek zuzendutako 'Loreak'. Pablo Malo donostiarraren 'Lasa eta Zabala' filma ere 62. Zinemaldian aurkeztu dute lehen aldiz.
Irutxuloko Hitza
‘Loreak’ filmeko aktore eta zuzendariak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Jende andana ibili da 62. Zinemaldian, han eta hemen, izarrak bertatik bertara ikusteko helburuarekin. Aurpegi ezagun ugari izan dira hirian: John Malkovich, William Dafoe, Jessica Chastain, Antonio Banderas, Nicolaj Coster-Waldau, Manuela Velles, Antoine Fuqua… Hauekin batera, euskal ordezkariek garrantzi handia izan dute aurtengoan. Sail Ofizialean, lehenengoz, euskaraz goitik behera ekoitzitako film bat aurkeztu dute: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga donostiarrek zuzendutako Loreak.
Loreak ez ezik, laudorioak ere jaso zituen lan taldeak, irailean ospatutako jaialdian. Filmeko protagonisten artean dago Josean Bengoetxea egiatarra, baita Itziar Aizpuru, Nagore Aranburu eta Itziar Ituño ere. «Errepidean lore sorta bat ikusi nuen, eta pentsatu nuen, horrelakoetan berehala pizten dela gure irudimena. Loreak berez ez dira ezer, baina pentsatzen hasten zara… ‘Nork jarriko zituen? Zergatik? Gainera ez duzu inoiz ikusten nork jartzen dituen’. Eta hura izan zen abiapuntua. Loreak berez ez dira ezer, jendeak nahi duen esanahaia hartzen dute, mihise zuri bat bezalakoak dira», azaldu zuen Jose Mari Goenagak. Bi zuzendariekin hitz egiteko aukera izan genuen filmaren lehen proiekzioaren ondoren. Lasa eta Zabala filma ere lehiatu zen Sail Ofizialean, Pablo Malo donostiarrak zuzendutako thrillerra. Unax Ugaldek egin du abokatuaren papera, eta Donostian agertzen lehenetakoa izan zen.
Bestalde, Koldo Almandoz donostiarraren Garai berriak film laburrak irabazi zuen Euskaraz Bizi Nahi Dut lehiaketa. «Erantzunak edo mezuak eman beharrean, galderak, kontraesanak eta paradoxak azaleratzeko balio duela esango nuke», azaldu zuen.
‘Magical Girl’, irabazlea
Sariei dagokienez, Carlos Vermuten bigarren film luzea Donostiako Zinemaldiaren 62. ekitaldi irabazlea izan zen; Magical Girl filma, hain justu. Ekoizpen espainiarrak film onenaren Urrezko Maskorra eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zituen. Kritika oso onak jaso zituen arren, Garañok eta Goenagak zuzendutako Loreak filmak ez zuen sari bakar bat ere eskuratu.
Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Javier Gutierrezentzat izan zen (La isla minima) eta emakumezko aktore onenarena Paprika Steenentzat (Silent Heart). Epaimahaiaren Sari Berezia Cedric Kahn-en Vie Sauvage filmak jaso zuen, eta gidoi onenaren garaikurra Dennis Lehanek, The Drop filmerako idatzitako testuagatik.