‘Loiola existe, lanak bukatu’ lelopean egindako elkarretaratze bat. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Loiolatarren aspaldiko aldarrikapena da Loiolako Euskotrenen geltokiko lanak bukatzeko eskaera.
Loiolako auzo elkartea pozik dago, Eusko Jaurlaritzak 2015eko aurrekontuetan Loiolako Euskotrenen geltokia egiteko 2 milioi euroko diru partida onartu ondoren. Antonio Aiz Garraio sailburuordearen idazkariaren deia jaso zuen auzo elkarteak azaroan, eta hala izan zuen Euskotren sareko lanei buruzko albistea.
Albisterik onena, loiolatarren ustez, lanak hasteko 2 milioi euroko partidaz gain, 2018. urtea arte beste 15 milioi bideratzeko konpromisoa izan da. Lanak hurrengo urtean hasiko direla esan zioten auzo elkarteari. Dirudienez, protestek emaitza izan dute.
Loiolatarren aspaldiko aldarrikapena da Loiolako Euskotrenen geltokiko lanak bukatzeko eskaera. Hain zuzen ere, lanak 2010ean hasi ziren, baina gaur egun geldirik daude, Eusko Jaurlaritzak ez duelako azken urteetako aurrekontuetan obrentzako kopururik aurreikusi.
Hori dela eta, loiolatarrek hainbat mobilizazio egin dituzte hilabeteotan. Horietako entzutetsuenetako bat uztailean izan zen, martxoan auzotik zehar egindako manifestazioari jarraipena emateko. Kasu horretan, Loiolatik harago joatea erabaki zuten, eta auzoan bizi duten egoera Easo plazaraino eraman zuten. Izan ere, Loiolako auzo elkarteak deituta, ehun pertsonatik gora elkartu ziren Loiolako tren geltokian. Bakoitzak Lanak bukatu-Loiola existe zioen kartel bana hartu, eta Amarara abiatu ziren; Topoan, alegia. Horrenbestez, trenera bertara eraman zuten protesta, bidaiariek egoeraren berri izan zezaten.