Errege Magoak Donostian dira
Desfile nagusia 18:00etan izango da; Bulebarretik abiatu eta Erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu.
Ekialdetik hiriraino bidaia luzea egin ostean, Bulebarrera iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak. Neska-mutilek helarazi dizkieten eskaera guztiak betetzeko asmoz, aurten lehen aldiz suhiltzaileen kamioi baten gainean agertu dira. Honela, etxebizitza altuenetara iristeko aukera izango dute. Irrikaz itxaroten ari ziren haur eta guraso guztiak agurtu dituzte, eta euren morroien laguntzarekin, denon eskutitzak jaso dituzte.
Ondoren, Errege Magoek udaletxean sartu dira eta ilaran orduak eman dituztenei harrera egin diete. Goizean goizetik egon dira zain herritar asko, eta Donostiatik kanpo ere jendetza hurbildu da. 15:30ak aldera, Meltxor, Gaspar eta Baltasar euren eserlekuetan eseri eta txandaka zetozen haurren eskutitzak jaso dituzte, baita beraiekin hitz egin ere bai. Azkenik, morroiek udaletxeko terrazan izan diren haur guztien gutunak jaso eta Errege Magoei eman dizkiete, etxeko txiki guztiek opariak jasoko dituztela ziurtatzeko.
Desfile nagusia 18:00etan abiatuko da Bulebarretik, eta Erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu. Errege Magoek karroza banatan egingo dute ibilbidea eta 1.600 kilo gozoki banatuko dituzte. Haiekin batera izango dira trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, tren turistikoa eta Errege bakoitzaren morroiak. Orotara, 592 parte hartzaile. Amaitzean, 19:00 inguruan, Errege magoek hiriko ospitaleak bisitatuko dituzte, urtarrilaren 5eko gauaren poza hango haurrekin ere partekatzeko.
Hortaz, egun luzea izango da gaurkoa erregeentzat. Izan ere, Olentzerori lekukoa hartu, eta etxez etxe ilusioa eta magia banatzen ariko dira gau osoan zehar.
[Gallery=209]

Errege Magoak eta suhiltzaile bat, haurrak agurtzen. (Argazkia: Lide Ferreira)

