Udal Gobernuak 358.493.263 euroko aurrekontu proiektua onartu du
Aurrekontu parte hartzeaileak izango dira, auzoetan eta politika sozialetan oinarrituta.
Donostiako Udal Gobernuak aurtengo Aurrekontu Proiektua onartu du, eta guztira 358.493.263 euro izango ditu, iaz baino 7.5 milioi euro gehiago. Gainera, horietatik 51,4 milioi euro inbertsiotarako erabiliko dituzte.
Hiru ardatzetan banatu dute aurrekontua, parte hartzean, auzoetan eta politika sozialetan, alegia. Hala, lehen aldiz Udal Gobernuak herritarren proposamenak kontuan hartu ditu aurrekontuak bideratzeko. Axier Jaka partaidetza zinegotziaren esanetan, eredu berriak epe motzean eskainiko ditu emaitzak: “Herritarrekin batera, hiriko erabaki handiak elkarbanatu nahi ditugu, lidertza partekatua delako Donostiako eredua. Ziur gaude epe motzeanemaitza oparoa izango dugula”.
Abenduaren 29an bildu ziren udal gobernuko zinegotziak Donostiako Auzo Elkarteekin, eta proiektu guztien xehetasunak aztertu zituzten. Jakaren arabera, proiektu gehienak onartu dituzte: “220 proposamenetatik 48 bota dira atzera, besteak beste, aurrekontu faltarengatik. Gainontzekoetatik gehienak (116) 2015ean egingo ditugu, eta besteak aurten edo datorren urtean abiatzea espero dugu. hurrengo fasea auzoetan egindako lanaren emaitza aurkeztea izango da, eta urtarrilaren 7tik 17ra auzoetara berriz joango gara herritarrekin egotera”.
Gastu arrunta eta inbertsioak batuta, herritarren eskaerei erantzuteko beharrezko aurrekontua 16.741.983 eurokoa da udal gobernuaren arabera, eta horiei 2014ko likidaziotik eratorritakoak eta 2016, 2017 eta 2018 urteetarako konprometituak dauden kredituak gehituta, 54.292.746,90 euro beharko dira. Inbertsioei hutsean begiratuta, berriz, aurten egingo dituen inbertsioen % 30 Herri Partaidetzatik eratorriak izango dira.
Politika sozialetara begira ere jarri da udal gobernua. Hala, ongizatearako inbertsioan murrizketarik ez egiteaz gain, aurrekontuak igo dituzte, eta 23,6 milioi euroko aurrekontua izango du Ongizate Departamentuak. Horrekin batera, aurten, 200.000 euro gehiago eskainiko dizkiote intsertzio sozialari.
[box]Oposizioarentzat, berandu
Udaleko oposizioko alderdiek adierazi dute udal gobernuak berandu onartu dituela aurrekontuak. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gaskoren esanetan, ez dute garaiz jaso aurrekontuen inguruko informazioa, eta horrek agerian uzten du udal gobernuak ez dakiela udala modu egokian kudeatzen: “Bilduk aurkeztutako aurrekontu proiektuak argi erakusten du Donostiak gobernu aldaketa behar duela. Sarreran bertan adierazten dute zorra 120 milioi eurotara igoko dutela 2018a arte, 93 inbertsioetan, eta beste 28 milioi etxebizitzen patronatuan, udaletxea aldaketa urtean hipotekatuz”.
Bestalde, EAJko bozeramaile Eneko Goiaren arabera, oso berandu iritsi da proiektua, epetik kanpo, eta horrek mesfidantza handia sortu du: “Bilduren Gobernuak, protagonizatu duen kudeaketa pobrearen ondoren ez du batere krediturik. Udal Gobernuak aurrekontua partehartzaile delako egiten dituen aipamenak ez datoz bat Bilduk Legealdian zehar izan duen ibilbidearekin; izan ere ez baitu ezertarako aintzakotzat hartu herritarren partaidetza egin dituen hiru aurrekontu proiektuak egiteko garaian. Laugarren aurrekontura iristean gogoratu da Bildu herritarren partaidetzaz. Horrek pentsarazten du aspaldidanik irudian erabat zentraturik dagoen Gobernuaren beste argazki bat besterik ez dela”.
[/box]