Gabonetako desfileetan animalien eskubideak urratzen direla salatu du Askekintzak
http://vimeo.com/116103582
“Kulturaren eta tradizioaren aitzakiarekin, animaliak modu injustu eta guztiz alferrikako batean erabili dira festetan”. Hala adierazi du Askekintza Animalista Elkarteak, eta egoera hau salatzeko bideo bat egin du, Errege Magoen desfilean grabatutako irudiekin. Olentzero zein Errege Magoen desfilean poneyak, ardiak, idiak, behorrak, antzarak eta astoak erabili ziren Donostian, eta “askatasunean egingo ez lituzketen ekintzak egitera behartuak” izan zirela uste du Askekintzak: “Bi ospakizun hauetan, animalia askoren eskubideak zapalduak izan dira. Animaliek urduritasuna, estresa eta beldurra pairatu zuten ordu luzez, bai kabalgatan edo olentzeroren jaitsieran, baita garraioan ere”.
Donostiako Udalak elkartearen kexa eta gomendioei entzungor egin diela adierazi du ohar baten bidez. Euskal Herriko festetan animalien eskubideak errespetatzea nahi dute. Animaliak erabiltzen dituzten festak “injustuak” direla berretsi du, eta Askekintzak hauen abolizioaren aldeko aldarria egingo duela: “Tradizio eta ohitura onak mantendu behar dira, inori sufriarazten ez diotenak, baina injustu eta kaltegarriak betirako ezabatu behar ditugu, gizarte bezala betebehar moral hau dugu”. Askekintzak Festak Ospatu Animaliak askatu kanpainaren bidez arazo hau mahai gainean jarri du, animalien erabilpen eta esplotaziorik gabeko festak eskatzeko.