10na urteko eskaerei egin beharko diete aurre 35 auzipetuek
Nuria Alzugarai eta Iñigo Balda donostiarrak daude 04/08 sumarioko auzipetuen artean.
Gaurtik aurrera, 10na urteko espetxe zigor eskaerei egin beharko diete aurre 04/08 sumarioan auzipetuta dauden 35 euskal herritarrek Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak leporatzen die ETAri laguntza ematea, eta horrenbestez, ETAko kide izatea. Akusazio eta zigor eskaera bera egin dute herri akusazioa ordezkatzen duten AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek.
04/08 sumarioaren ikerketak 2005ean hasten badira ere, 2007ko urriaren 4an Seguran (Gipuzkoa) eginiko polizia operazioarekin egin zen ezagun auzia. Han, bileran batean zeuden ezker abertzaleko 23 kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Sarekada horretan, hainbat kide eraman zituzten; tartean, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach; horiek, halere, beste auzi batean, Herriko tabernen sumarioan, auzipetu zituen Garzonek.
Sarekada horretan atxilotutako gehienak, halere, 04/08 sumarioan daude auzipetuta; horiei fiskalak leporatzen die 2005etik legez kanporatuta zegoen Batasuna alderdiaren mahai nazionala berriz osatu nahi izatea, ETArekin batera adostutako estrategia baten barruan.
Baina operazio horretan atxilotutakoak ez dira auzipetutako bakarrak. Segurakoaren ondorengo aste eta hilabeteetan, beste polizia operazio batzuk agindu zituen Garzonek. Ezker abertzaleko beste hainbat kide hartu zituzten preso (Pernando Barrena esaterako), eta beste batzuk deklaratzera deitu. Horien guztien artean daude orduan legezkoak ziren EHAK eta ANV alderdietako zenbait buruzagi, hautetsi eta langile. Alderdi horietako kideei bereziki fiskaltzak leporatzen die Batasunaren mesedean lan egitea, eta horrenbestez, beren jardunarekin ETAri laguntzea.

