Mozioa jarri du PPko zinegotzi Ramon Gomezek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Udalari Pasaiako portuko arduradunekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin biltzeko eskatu dio PPko zinegotzi Ramon Gomezek.
Pasaiako portua berritzeko proiektuan parte hartzera deitu du PPk Donostiako udala, Ramon Gomez zinegotziaren esanetan, portuaren etorkizunak Donostian eragin zuzena izango duelako. Mozioa aurkeztu du Gomezek gaur goizean, eta Pasaiako portuko arduradunekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin biltzeko eskatu dio Udal Gobernuari: “Pasaia gune honetako motore ekonomiko nagusietako bat da, eta orain arte udalak ez du negoziaketa seriorik egin agintariekin”.
Gomezen arabera, beharrezkoa da denak biltzea, eta Espainiako Gobernuarekin hitz egiteko prest agertu da: “Donostiako PPk gauzak argi utziko dizkio Espainiako Gobernuari; ez dugu portuaren prezioarekin espekulatzea nahi, baina fundamentuzko negoziaketa izatea eskatuko dugu”.