Giza katearen eta erabakitzeko eskubidearen garrantzia kontatzen duen dokumentala emango dute Okendon
http://youtu.be/HqQsEIjx9i4
Milaka lagunek hilabeteetan egindako jostun lana ikusi ahal izango da ‘Jostunak’ dokumentalean.
Joan den ekainaren 8an giza kate erraldoi batek lotu zituen Durango eta Iruñea, eta giza kate horren atzean ziren pertsonen iritzia bildu du filmak. 123 kilometro eta 150.000 lagunekoa izan zen giza katearen haria, baina Gure Esku Dago mugimenduak uste du lan handia dutela hiru milioi biztanlerengana iristeko.
Hain zuzen, lan horretan sakondu nahi dute, herritarren borondatearen hariak ahalik eta herritar gehien batzen jarrai dezan. Horretarako tresna bat izango da dokumentala. Gure Esku Dago mugimenduaren webgunean bertan egongo da dokumentala eskatzeko aukera, herriz herri proiektatze aldera.
Bi hari nagusi ditu. Alde batetik, herritar anonimoek dute protagonismoa eta azaltzen du nola joan zen zabaltzen giza katearen dinamika, proiektu xume izatetik ekainaren 8an 150.000 herritar biltzeraino. Bertan, hasierako beldurrak eta zalantzak islatzen dira, eta nola joan zen handitzen eta aurreikuspenak gainditzen herri bakoitzeko batzarretan lehenik eta azkenik ekainaren 8ako giza katean bertan.
Jostunak dokumentala Eriz Zapirainek zuzendu du; eta gidoia Zapirain berarena eta Ion Telleriarena da. Donostian jada bi emanaldi daude programatuta. Lehena, ostegunean (hilaren 15ean) 19:00etan, Okendo kultur etxean. Bigarrena Amara Berrin izango da, hilaren 27an, Ernest Lluch kultur etxean, 19:15ean.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldiak
Osteguneko proiekzioaz gain, Gure Esku Dago mugimenduak hainbat ekitaldi prestatu ditu aste honetan. Larunbatean, Antiguako jaien barruan, lipdub bat egingo dute eguerdi aldean. Kalejira batek auzoa zeharkatuko du eta bideo batean grabatuko dute. Haizearen Orrazian abiatuko da ekimena eta, Matia kalean barrena sartuko da, Sert plazaraino. Bertan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute. Lipdub honetan auzoko elkarte, eskola, kirolari, gaztetxe, txaranga, dantzari, patinatzaile, kalderero, danborrada eta abesbatzek parte hartuko dute.
Igandean, San Sebastian martxa jotzera gonbidatu dituzte herritarrak. Danborradako jantziak hartu eta Konstituzio plazan bilduko dira 11:30ean. Familia argazki bat egin nahi dute bertan biltzen diren herritar guztiekin.