Jendetza bildu du Etxeratek Trinitate plazan, atzoko atxiloketak salatzeko
Hainbat eragilek agerraldia egin dute Bilbon, eta manifestaziora deitu dute, larunbatean Donostian.
Jende mordoa elkartu da gaur goizean Trinitate plazan, Guardia Zibilak atzo goizean egindako hamasei atxiloketak salatzeko. Etxeratek deitu du prentsaurrekoa, eta haserrea nabari zitekeen bertaratu diren guztien aurpegietan. “Egun latza dugu berriz ere gaurkoa” irakurri du Etxerateko Urtzi Errazkinek; “Ez da kasualitatea, atzo bezalako egun batean horrelako operatibo bat burutu izana. Gaur Auzitegi Gorenak zigorren pilaketaren ebazpena jakitera eman behar duenean, eta larunbatean, euskal gizarteak bakea eta konponbidearen aldeko apustua irmoa dela argi eta garbi utzi zuenean”, jarraitu du Errazkinek. “Ez dago presoak abokaturik gabe uztea baino tranpa handiagorik”, salatu dute, eta Espainiak Euskal Herriaren elkartasuna eta babes ekonomikoa “zapuztu” eta “lapurtu” nahi dituela ere gehitu dute. Hain zuzen ere, hainbat euskal abokatu atxilotu zituzten, tartean, Intxaurrondoko Arantxa Aparicio.
Bilbon larunbatean egin zuten manifestazioan argi geratu zen Etxeraten ustez zein den herriaren nahia: “bakea eta konponbidearen aldekoa, giza eskubideen urraketekin behin betikoz amaitzekoa”.
Mobilizatzeko deia
Atzoko atxiloketek “mina eta samina” eragin dituzte Etxeraten esanetan, eta hori dela eta, jendarteari mobilizatzeko deia luzatu dio: “Lana egiteko unea da, elkartasuna adierazteko momentua. Beraz, Etxeratek bat egingo du eragileek deitutako mobilizazioekin. Gaur goizean, esaterako, hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek agerraldia egin dute Bilbon, eta manifestaziora deitu dute, Donostian. Manifestazioa larunbatean izango da, 17:00etan, Antiguako tuneletik abiatuta.