Oposizioak ez du onartu premiazko trataera ematea euskal abokatuen operazioaren inguruko erakunde adierazpenari

Udal gobernuak adierazi du ez duela ulertzen zergatik Bozeramaileen Batzordean PSE­-EE, PP eta EAJ-ek ez duten onartu premiazko trataera ematea atzoko polizia operazioan atxilotutako abokatuei buruzko erakunde adierazpena. “Adierazpen hau, ia hitzez-hitz, 2014ko urtarrilean Herrira­ren aurkako operazioaren aurrean Donostiako Udaleko PSE-EEk eta EAJk babestu zuten; honek are ulergaitzagoa egiten du alderdi hauek gaur izan duten jarrera”. Eskatzen die azaltzeko zergatik ez diren prest agertu adierazpen hau premiaz tratatzeko. [box] Udal gobernuak gaurko Bozeramaileen Batzordean aurkeztu duen adierazpena: 1.- Euskal abokatuen kontrako polizia operazioan, 16 pertsona atxilotu zituzten atzo. Hori dela eta, Donostiako Udalak adierazi behar du, bere iritziz, horrelako ekintzak atzerapauso kualitatiboa direla, gure herriak gaur egun bizi duen testuinguru politikoan atzera egite garrantzitsua. 2.- Donostiako Udalak exijitzen du errespeta daitezela euskal herritar guztien giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak. 3.- Donostiako Udalak eskatzen du berehala eman dadila prozedura horren gaineko ebazpen judiziala. Besteak beste, ez urratzeko orain atxilo dauden pertsona horien eskubideak. Kontuan hartu behar dugu, gainera, abokatuek egiteko berezia dutela pertsonen eskubideen eta giza eskubideen defentsan. 4.- Donostiako Udalak donostiarrei eta euskal gizarte osoari eskatzen die jarrai dezatela lanean herritar guztien eskubide guztien alde, bai eta eskubide horiek aldarrikatzen ere, areago testuinguru politiko honetan, oso garrantzitsua baita momentu hauetan denok lan egitea bakea eraiki eta sendotzeko. [/box]  
HITZAkide HITZAkide