Zuhaizti danborrada berria batuko da aurtengo sansebastianetara
Guztira 25.000 lagunek parte hartuko dute aurtengo San Sebastian eguneko danborradetan.
San Sebastian egunean 127 danborradek parte hartuko dute aurten, iaz bezala. Dena den, badaude aldaketak, izan ere, Intxaurrondoko Boskozaleak jotzeari utziko dio, eta danborrada berri bat sortu da Grosen, Zuhaizti ikastolarena, hain zuzen ere. Guztira 25.000 lagunek parte hartuko dute aurten danborradetan, horietatik 15.500 heldu (9.500 gizon eta 6.000 emakume), 7.000 haur eta 2.400 musikari, besteak beste.
Aurtengo haur danborradako ordezkariak udaletxean izan dira, eta bertan ongi etorria egin die Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Euskararen ordezkari Nerea Txapartegik. Donostiako ereserkia abestuz sartu dira udaletxean, eta bertan beren burua aurkeztu dute Arantzazuko Ama ikastolako Danbor Nagusi Oihane Boladok eta La Anunciata ikastolako General Julen Sananok eta Easo Eder Olatz Cortesek. Ondoren, Boladok San Sebastian eguneko hainbat martxa zuzendu ditu.
Aurten bi abesti berri gehitu direla adierazi du Txapartegik, Azarolaren Hau dek hau eta Sarriegiren Gau ibilera izenekoak. Horrekin batera, Kondarra danborrada mixto bihurtzeagatik zoriondu du: “Geroz eta gehiago dira emakumeak biltzen dituzten danborradak, eta guztiei zorionak eman nahi diegu. Baina parekidetasuna ez da hor amaitzen, eta emakumeek aginte eta erabaki postuak betetzeko deia egiten dugu”.
Alkateak donostiar guztiei “ondo pasatzeko” deia egin die, San Sebastian eguna “herrikoia, integratzailea, parekidea eta magikoa” dela adieraziz. Horrekin batera, haur danborradako ordezkariei zuzendu zaie alkatea, egun horretan herritarren “enbaxadore” direla gogoratuz: “Zuek biziko duzue unerik berezi eta magikoena, bizitzan behin gertatzen diren horietakoa”. Azkenik, denei festaz 24 orduz gozatzera animatu die alkateak.


