Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Andre Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute hitzarmena. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalak 25.000 euroko ekarpena egingo du Euskaltzaindiaren eta udalaren arteko lankidetzaren helburuak betetzeko.
Donostiako Udalak hitzarmena sinatu du Euskaltzaindiarekin, eta etorkizunean Euskara Zerbitzuari laguntza eta aholkua emango dizkio erakundeak, euskararen normalizazioan eta garapenean lan egiteko helburuarekin. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute lankidetza akordioa, eta udalak 25.000 euroko ekarpena egingo du hitzarmeneko helburuak betetzen laguntzeko.
Hitzarmenaren helburua, Donostia euskararen hiria izatea da Izagirreren esanetan: “Ezin ditugu irudikatu euskarazko eskola, unibertsitatea, komunikabideak edota administrazioa Euskaltzaindiaren ekarpenik gabe; horregatik, hiritarrek euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoa dugu euskararen erakundearen aholkua”. Hain zuzen ere, euskararen estatusari buruzko aholkulartiza eta lanak egingo ditu Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenetik abiatuta, Luis Villasante Euskararen Ikergunea jardunaldiak, ikerketak eta bilkurak egiteko erabiliz. Urrutiaren arabera, “errealitate bihurtutako ametsa” da euskara sustatzeko proiektuak bideratzeko egoitza izatea: “Luis Villasante bezalako ikergunean lan egiteak euskara aurrera eramateko balio digu, proiektu duinak gauzatuz. Gune hori Euskal Herri osoari begira dago”.
Aholkua ematearekin batera, bestelako zerbitzuak eskainiko dizkio Euskaltzaindiak udalari, esate baterako kale izen berrien hizkuntza egokitasuna eeta indarrean dauden kale izendegien berrikuspen osoa. Horrekin batera, udalak eskatuta, Etnogintza S.L. enpresako 1995ean egindako Donostiako Toponimia lanean oinarrituta hiriko leku izenen zerrenda normalizatu eta eguneratuko dute. Hitzarmenak urtebete iraungo du, eta Euskal Herriko gainontzeko udalekin lan harremanak zabaltzea espero du Urrutiak: “Azken finean, Euskaltzaindia da euskara neurtzeko erakunde ofiziala, eta beraz, guztientzat ona eta onuragarria da administrazioekin kolaboratzea”.
Euskaltzaindiako ordezkariak alkatearekin eta udaleko euskararen ordezkari Nerea Txapartegirekin bildu dira. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)